Eguraldi onarekin batera heldu da Zuhaitz Azoka Oñatira

Gontzal Belategi Zubia 2026ko otsailaren 21a

Eguzkipean egin dute aurtengo Zuhaitz Azoka, Foruen enparantzan. Sei postu izan dira aurten, eta jende ugari gerturatu da zuhaitzak, loreak eta bestelako produktuak erosteko asmoz. Aztertu programako kideena izan da zazpigarren postua, natur ezagutza bultzatu eta herritarren parte-hartzea sustatzea helburu duen Eusko Jaurlaritzako programa.

9:00etan eman diote hasiera aurtengo Zuhaitz Azokari. Ohikoa den modura, Foruen enparantzan izan da azoka, eta eguraldi onak bultzatuta edo, jende ugari bertaratu da produktuak salgai zituzten sei mintegi edo postuetara. Bertan, zuhaitz-landareak, loreak, ongarriak, haziak, lore sikuak eta bestelako produktuak izan dituzte eskuragarri oñatiarrek. Azoken garrantzia aipatu du Viveros Belarreko Joseba Belarrek: "Horrelako azokak garrantzitsuak izaten dira". Jendeak denetik erosten duela adierazi du Belarrek, baina bereziki fruta-arbolak nabarmendu ditu, esaterako, sagarrondo eta limoiondoak.

Murueta Lorategiko Nekane Torrontegik uste du loreek ere geroz eta presentzia handiagoa dute horrelako azoketan: "Jendeak geroz eta interes gehiago du loreengan". Aspektu horretan, garai honetan landatzeko lore aproposenak primulak, ziklamenak, ranunkuluak, anemonak eta tulipanak direla azaldu du.

Aztertu programa

Aurtengo azokaren berrikuntzetako bat Aztertu programaren postua izan da. Natur ezagutza bultzatu eta herritarren parte-hartzea sustatzea helburu duen Eusko Jaurlaritzako programa bat da hau. Bertako Unai Iraolagoitiak adierazi duenez, ingurumen heziketa sustatu eta kontzientzia sortzeko izan dira Oñatin: "Zuhaitz Azoka aprobetxatuta hazien bonba ekarri dugu, landarediaren birlandaketa egiteko. Ikusten dugu ingurune hauetan, gure ekintzen ondorioz, landaredia galtzen dabilela, eta horrelako tresnen bidez kontzientzia sortzea, bereziki txikienengan, garrantzitsua da etorkizunerako".

Zuhaitz Eguna, bihar

Natur Eskolak antolatuta, Zuhaitz Eguna ospatuko dute bihar. Azken urteetan herriko berdeguneetan zuhaitzak landatu izan dituzten arren, aurten, bestelako proposamen batekin datoz antolatzaileak. Gainontzeko urteetan landatu dituzten zuhaitz horiek ezagutzeko, eta bestelako landareak identifikatzeko, balioko duen txangoa antolatu dute. 10:00etan plazan hasiko da txangoa, eta ibilbidean zehar iNaturalist aplikazioa erabiliko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak