Natur Eskolak antolatuta, Zuhaitz Eguna egingo da domekan eta berrikuntza batekin ospatuko da, gainera. Herriko erdiguneko berdeguneetan zuhaitzak landatu izan dituzte auzolanean aurreko urteetan baina aurten zuhaitz horiek ezagutzeko, identifikatzeko, txangoa antolatu dute. Gainera, erdiguneko lorategi zein parkeetan dauden zuhaitzak erregistratzeko ere balioko du domekako irteerak eta horretarako iNaturalist aplikazioa erabiliko dute. Hori horrela izanda, txangoan parte hartu gura dutenei aplikazio hori deskargatzeko proposamena egiten diete Natur Eskolako hezitzaileek. Domekan, 10:00etan elkartuko dira plazan, ibilalditxoa hasteko.
Zapatuan, zuhaitz azoka
Bihar, zapatua, bestalde, urteroko zuhaitz azoka egingo da plazan. Landareak zein loreak salduko dituzten sei mintegi edo postu egongo dira eta zazpigarrenean Aztertu programak kideek egongo dira. Natur ezagutza bultzatu eta herritarren parte-hartzea sustatzea helburu duen Eusko Jaurlaritzako programa da hori. Ingurumen-hezkuntzarako hainbat baliabide erakutsi eta ezagutaraztera etorriko dira –materialak eta jarduerak–.
