Onddoen interpretazio zentro bilakatuko da Oñatiko kultura etxeko erakusketa gela hiru astez

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko otsailaren 5a

Natur Eskolako hezitzaileak erakusketa muntatzen martitzenean.

Onddoa da Natur Eskolaren aurtengo Ingurumen Jardunaldien gaia. Astelehenean zabalduko duten erakusketaz gain, hitzaldiak, film emanaldiak eta irteera ere antolatu dituzte, urteroko zuhaitz azoka eta egunaz gain.

Landareak eta animaliak dira, akaso, izaki bizidunen erreinu ezagunenak, baina horien parekoa da onddoen erreinua ere. Eta horixe erakutsiko, azalduko, dute Natur Eskolako hezitzaileek datozen hiru astetarako antolatu duten Ingurumen Jardunaldian.

Bitxikeriak

Erakusketa bat prestatu dute aurten ere lan horretarako. Kultura etxeko beheko gela onddoaren interpretazio zentro bihurtuko dute eta informazioa duten ilustratutako panelak zein beste baliabide batzuk erabiliko dituzte azalpenak ahalik eta erosoen eta ulergarrien emateko. Onddoen hiru habitat ere jantziko dituzte: basoa, larrea eta herrigunea. "Agian, itxura aldetik landareengandik gertu ikusten ditugu guk, baina berez, ebolutiboki, guregandik gertuago daude. Landareek energia argitik hartzen dute, guk, aldiz, jan egiten dugu. Eta onddoek ere bai; ez dute fotosintesirik egiten, horregatik bizi daitezke, esaterako, kobazulotan. Materia organikoa jaten dute, egurra, orbela, hildako animaliak, sagar bat... Eta deskonposatu egiten dute materia organikoa; onddoengandik ez balitz, pilatu eta pilatu egingo litzateke materia organikoa naturan baina ez zan desegingo. Bestetik, onddoak edozein tokitan daude, ez bakarrik landa gunean. Adibidez, etxe bateko teilatuaren adina zein den jakin dezakegu bertan dauden likenak aztertuta. Badaude horrelako bitxikeriak", dio Aimar Uribesalgok.

Onddoak hartu dezakeen tamaina da erakusketan ikus ahal izango den beste datu bat, esaterako. Izan ere, onddo bat da munduko izaki bizidun handiena. "Onddo batek kilometro asko har ditzake. Neurtuta dago, gainera, orain arteko errekorra".

Perretxikoak

Perretxikoen 40 bat erreplika ere izango dira ikusgai erakusketan. Izan ere, perretxikoak sortzen dituen onddoa lur azpian dauden mizelioa izeneko sareak dira eta horren gaineko azalpenak ere emango dituzte.

Erakusketa otsailaren 9tik martxoaren 1era egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Baina bisita gidatu bereziak ere egingo dituzte tarte horretan. Ikasleekin izango dira batzuk, 9 eta 16 urte arteko herriko ikasle guztiek bisitatuko dute. Herritar guztiendako izango diren bisitak ere egingo dituzte: otsailaren 10ean, 19an eta 23an, 18:00etan.

Hilaren 10ean, 19an eta 23an egingo dira bisita gidatu irekiak erakusketan, 18:00etan

Gainera, lau hitzaldi, bi filma eta irteera bat ere egingo dituzte onddoen erreinuari buruzko informazioa osatze aldera. Kultura etxeko zinema-aretoan izango dira hitzaldiak, 19:00etan, eta 19:30ean, berriz, filmak, aurten ere zineklubeko eskaintzaren barruan sartu dituzte eta aukeratutakoak. Horietako bat, animaziozkoa izango da. Oñatiko onddoak bilatu, gertutik ikusi eta ukitzeko irteera hilaren 28an egingo dute eta horretarako aurrez eman behar da izena: natureskola@yahoo.es.

Bestalde, aurten ere egingo dira zuhaitz azoka eta eguna. Agendan daude sartuta antolatutako ekitaldiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak