Astelehenean egin zuten Korrika batzordea osatzeko lehen bilera eta hantxe elkartu ziren herriko hainbat eragileetako ordezkariak, Udalako euskara zinegotzi Iñaki Olalde eta teknikari Xabier Zabaleta barne. Deialdira joan zirenek ordezkatzen zituzten, besteak beste: hiru ikastetxeak, Oñatz dantza taldea, gaztelekua, Antixena gaztetxea, Aixotu euskara elkartea, Burrunda Faktoria, Potx eta Lotx pailazoak, Eltzia edo Txinparta bertso eskola.
Martxoren 28an helduko da Korrika Oñatira Elorregitik; goizaldean, 05:30ak bueltan helduko da plazara. Hantxe hartu du berriz Elorregirako bidea, kale Zaharretik behera. Egubakoitzetik zapatura bitarteko gau horretarako zein ekitaldi antolatu daitezkeen pentsatzen hasteko ideiak bota zituzten lehen bilera horretan, kontzertuak eta kantu-afaria, esaterako. Korrika txikia, berriz, bezperan, 27an, egitea proposatu zuten.

Materialaren salmenta eta hurrengo bilera
Korrikako materiala saltzeko postua jartzeko ideiari erantzunez, data zehaztekotan gelditu ziren. Izan ere, Korrika batzordea irekia da eta edonor batu daiteke bertara, izan norbanako moduan izan eragile baten ordezkari moduan. Hurrengo bilera otsailaren 11n egingo dute –17:30ean Euskaldun Berria gelan– eta han landuko dituzte proposamen berriak. Baita material salmentarako eguna finkatu ere.