Urtarrilean hasiko dituzte kanpoko fatxada eta klaustrokoa zaharberritzeko obrak eta 2026ko udazkenera arte luzatuko dira. Azahara Dominguez diputatuak adierazi du balio arkitektoniko "handiko" eraikina izateaz gain "Gipuzkoaren ikurra" ere badela, horregatik, albiste "bikaina" dela datozen asteetan birgaitze-lanak hastea.
Fatxadetako harlangaitza garbitu eta konponduko da, eta babes-estaldura hidrofugoa emango zaio. Gainera, kamera bufoaren egoera aztertuko da, klaustroko gargolak eta kanaloi erdiitxia berrikusiko dira, teilatua ere, zaharberrituko da. Bestalde, Tabuenca & Leache Arquitectos enpresak idatzitako proiektuak eraikinaren egurrezko bi ateak birgaitzea eta udan tximista batek suntsitu zuen pilastraren eskultura ordezkatzea proposatzen du.
Oñatiko Unibertsitatearen eraikina, gaur egun Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Soziologia Juridikoaren Nazioarteko Institutuaren egoitza dena, Kultura Intereseko Ondasun aitortuta dago, babes bereziarekin. Dominguezek gogoratu ekarri du: "Gure ondarea zaintzea gure lurraldearen etorkizuna eta gure balioak bermatzea" dela.
1935etik geroztik sei esku-hartze nabarmen egin dira guztira. Azken birgaitze integrala 1993koa da; horrez gain, azken 20 urteetan, 60 mantentze lan baino gehiago egin dira. Hala ere, fatxadak narriadura progresiboa izan du eta ondorioz, zenbait harrizko elementu apaingarri jausi ziren 2022an.
Aurten, 2025eko uztailaren 11n, teilatuko zortzi zaindarietatik bat lurrera erori zen tximista batek jota. Eraikina zaharberritzeko lanak hasi aurretik behin behineko esku-hartze bat egitea komeni den aztertzea erabaki zuen Aldundiak.
Europako finantzaketa
Iazko azaroan, Espainiako Gobernuak, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez, finantzaketa eman zuen fatxada eta erretaula zientifikoki zaharberritzeko, irisgarritasunean eta jasangarritasun energetikoan jarduerak egiteko. Baita turismo bulegorako espazioak egokitu eta eraikinean beste erabilera batzuk egiteko ere.