Erasoen aurrean sareak ehundu leloarekin dator aurtengo Azaroaren 25a. Etxekideek, Oñatiko Emakumion Etxea sortzeko prozesuan ari diren herritarrek, aukeratutakoa da, indarkeriari erantzuteko bidea saretzea dela aldarrikatzeko.
Udalak bat egin du mezuarekin, eta lelo horrekin antolatu du, herriko sare feministarekin batera, Azaroaren 25eko egitaraua. Gaurtik, egubakoitza, abenduaren 11ra bitartean izango dira ekintzak.
Topagunea plazan
Hitzaldiak, ikastaroak, elkarretaratzea –12:00etan Olakuan–, manifestazioa –18:30ean plazatik abiatuta– eta topaketa antolatu dituzte. Plazan izango da topaketa hori, Azaroaren 25ean bertan, arratsaldean, 17:00etan. Emakumeak batzeko deia izango da, elkartzekoa, eta Emakumion Etxetik indarkeriari aurre nola egingo dioten lantzeko edo hausnartzeko topaketa. Jabetze Eskolaren barruan antolatu duten kakorratz ikastaroan ari direnek egindakoen lana, aldarrikapen tailerra, solasaldia eta musika egongo dira. Hiru hitzaldi dituzte antolatuta Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan. Lehena gaur izango da, egubakoitza, zinema-aretoan. Euskal gatazka ikuspegi feministatik izeneko berbaldia egingo du Olatz Dañobeitiak, 18:00etan. Abenduren 2an, berriz, Amatasunak zeharkatzen dituzten indarkeriak izango ditu hizpide Nahia Alkortak. Eta 11n, Peruko Gabriela Wiener idazlea eta kazetaria etorriko da. Kabaret ikuskizuna ere badute antolatuta; Casarse por papeles es... puro amor izeneko ikuskizuna egongo da Santa Anan, azaroaren 28an. (Agendan daude hitzorduak sartuta).
Ikastaroak zabalik daude
Jabetze Eskolaren baitan dauden bi ikastarotara ere batu daiteke: kakorratzena –astelehen arratsaldeetan– eta bachata eta saltsa kuir dantzara –29an, Eltzian–.
Aloña Mendi, protokoloa lantzen
Berdintasunaren gaia lantzen dihardute Aloña Mendiko futbol eta eskubaloi sailetan. Formazioa jaso dute eta Udalarekin batera landu dute gaia. Protokoloa ere egin dute eta hor jaso dute eraso edo indarkeria kasu baten aurrean nola jokatu. Definitu dituzte portaera kodeak, jokalariak, taldeko teknikariak zein gurasoak kontutan hartuta. Orain Udaleko Berdintasun sailarekin batera ari dira jasotako hori elkarbanatzen eta zehazten. Sail biak, futbola eta eskubaloia, ari dira lanketa elkarrekin egiten, Udalarekin. Aloña Mendiko beste sailek ez dute, oraingoz, horrelako protokolorik.