Oñatiko Erei Elkartasun Elkartea kulturartekotasuneko bizikidetza sustatzea eta errealitate migratzaile ezberdinak ikusaraztea dira bere helburuak. Horren baitan, askotariko jarduerak eramaten dituzte aurrera, batez ere, eskoletan, eta, baita herritarrei zuzenduta, kultura etxeetan, baina, batez ere, errealitate migratzaile hori bizi duten pertsonen bitartez.
Atzerritartasuna ardatz, ekintzen beharra
Erei Elkartasun Elkarteko Arantzazu Zubeldiak azaldu duenez, beharra dago Atzerritartasun Lege berriaren onurez jabetzeko: "Oñatiko hitzaldian izan dugun gonbidatuak, Mariama Niang Sylla, Atzerritartasun zuzenbidean espezializatutako abokatuak, Atzerritartasun Lege berria izan du berbagai, izan ere, zalantza asko daude…". Gaineratu duenez, beharra dago ekintzak antolatzeko. "Beharra dagoela uste dugu, eta, eskolen partetik ere behar hori dagoela jasotzen dugu…".
Ikuspegi praktikoan zentratuz
Mariama Niang Sylla eskertuta agertu da Oñati herriari eta Gipuzkoako Erei elkarteari, gai honen baitan informazioa hedatzen laguntzeagatik. "Atzerritartasun-legeak ia alderdi guztietan aldatu du aurreko erregelamendua. Nire hitzaldietan ikuspegi praktikoan jartzen dut arreta, batez ere jendeari gehien eragiten dieten gaiez: sustraitzea eta familia-berrantolatzeei buruzkoak. Eta, baita, gaur egun indarrean dagoen bosgarren xedapen iragankor ospetsua".
Hizlariak gaineratu duenez, "informazio falta handia dago. Sei hilabete besterik ez daramatza indarrean araudiak, eta informazioa falta da. Gainera, aldaketak egiten joan dira, nahiz eta oinarri bat egon".
Instituzioen papera, garrantzitsua
Instituzioek egin beharreko lana ere izan du berbagai hitzaldian, Mariama Niang Sylla abokatuak: "Funtsezko eginkizuna dute, izan ere, alde batetik, sustraitze sozio-formatiboa eskatzen duten pertsonei beharrezkoa zaien integrazio-txostena egiteko arduradunak dira, eta, bestetik, funtsezkoa den erroldatzea kudeatzen dute".