Danbakaren sari nagusia Malkoren kantu berrien bilduma sendo bihurtuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025eko azaroaren 8a

Malko taldeko Ander Igartua, Unai Izura, Anje Maiztegi, Maddi Arlanzon eta Unai Agirre. Argazkia: Sutxart.

Minmugak diskoak zortzi kantu indartsu eta landu batu ditu eta azaroaren 14ean izango da eskuragarri plataforma digitaletan eta formatu fisikoan gero; abenduaren 13an Oñatiko gaztelekuan egingo dute kontzertua eta sarrerak salgai daude.

Seigarren Danbaka Musika Lehiaketara irabazteko asmoz aurkeztu zela aitortu zuen Oñatiko musika taldeak, eta hitza bete zuen, urtarrilaren 17an jokatu zen finalean sari nagusia eskuratuta; bada, irabazitako sariarekin grabatu duen Minmugak diskoa kalean izango da azaroaren 14an.

Disko "terapeutikoa"

Abiadura azkarrean doa 2023an sortu zen boskote gaztea; taldea abiatu eta hilabete gutxira atera zuten Esan ez direnak izena zuen estreinako diskoa. 2024ko abenduan Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuten, eta, hilabete eskasera, Goiena Komunikazio Taldeak Bergarako Udalaren laguntzarekin antolatzen duen eskualdeko musikariak protagonista dituen Danbaka lehiaketa. "Punch bat izan da Danbaka irabaztea; norberaren lana baloratuta ikustea beti da garrantzitsua", dio Maddi Arlanzon abeslariak, eta zera gaineratu du Ander Igartua bateria-joleak: "Zeinek esango zigun, bi urte eta gutxira, bigarren diskoa aterako genuela eta jotzen ari garen tokietan joko genuela".

Poztasun handia izan zen taldearentzako diskoa grabatzeko saria eskuratzea, baina presioa ere sentitu zutela aitortu du abeslariak: "Disko bat idatzi eta atera egin beharrak bultzatu ninduen pentsatzera ea jendearentzako, beste batendako, nenbilen kantuak sortzen edo niregatik ere egiten ari nintzen, eta, horregatik, kantuak nire inguruan doazelako niretzako ere bazirela ikusteak lasaitasuna ekarri zidan, eta, hortaz, sortzerakoan ez dut pentsatu jendeak zelan hartuko dituen hitzak eta nahiago izan dut niretzako egin. Idazten ditudan kantuak neure buruan pasatzen diren gauzak dira; hortaz, disko berria terapia izan da. Pertsona exijentea naiz, eta aurten, une batzuetan, metaforikoki esanda, minaren mugan sentitu naiz, eta hortik doa Minmugak lana".

Aurreko diskotik, ikasita

Aurreko lanarekin alderatuz, sortze-prozesua ezberdina izan da. "Lehenengo diskoko kantuak Maddik sortutakoak ziren, eta horiek, modu baten esanda, bertsionatu egin genituen, eta oraingoan pasatu gara ahotsetatik instrumentura jartzetik instrumentuetatik ahotsak jartzera", dio Unai Agirre gitarra-joleak, eta zera gaineratu du Unai Izura baxu-joleak: "Aurreko diskoko akatsetatik ikasita, beste buelta bat eman diegu kantuei, konposizioan igarri egiten da".

Haritz Harreguyrekin grabatu dute, Higain estudioan, oraingoan ere, "goi mailako profesionala izateaz gain, gertuko tratua" ematen dielako. Etxeko lanak "ondo eginda", bost egunetan izan ziren estudioan lanean zortzi kantuko diskoa grabatzen. Taldekideek Imanol Astudillo teknikariaren laguntza eta babesa izan dute: "Sorkuntza prozesuaren amaieran, ekoizpen lanetan laguntzera sartu nintzen ni, taldetik kanpoko iritzia ematera. Kantuak eginda zeuden, baina kozinatu barik, eta buelta bat ematen saiatu nintzen. Lehenengo diskoan Haritzek egin zuen lan hori, eta oraingoan grabaketara mugatu da gehiago".

Gustura dira emaitzarekin, eta zaleei ere gustatuko zaielakoan daude. "Disko berria da, aurrekoarekin alderatuz; zuzenekoan ikusi eta gustatu zaion jende horrendako, duen soinua zuzenean dugunetik gertuago dago. Gure intentsitate edo estilo hori hobeto erakusten da".

'Biszerala' bideoklipa

Asteon argitaratu dute diskoaren aurrerapen-kantua, Biszerala, bideokliparekin. Ane Berriotxoak zuzendu du eta Asier Marieza izan da argazki-zuzendaria. "Bideoklipa grabatzeko gertatuta dagoen Bilboko etxe batean grabatu genuen. Esperientzia oso polita izan zen, aurrez egindako bideoklipekin alderatuz, oso profesionala lan egiteko moduari dagokionez, eta beste hainbat detaile ere kontuan hartuta; esaterako, guretako ohikoak ez diren arropak janzteko proposatu ziguten eta hasieran inpresionatu egin ginen, baina bideoklipa nola geratu den ikusita, merezi izan du", kontatu du bateria-joleak.

Malko taldearen 'Minmugak' diskoaren portada.

Disko osoa, azaroaren 14an

Gaur zortzi, plataforma digitaletan izango da entzungai, eta formatu fisikoan ateratzeko eskaera ere eginda dute. "Jasotakoan, Oñatiko Aker tabernan izango da, eta beste toki batzuetara ere eroango dugu, eta, noski, kontzertuetan; esaterako, abenduaren 13an Oñatiko gaztelekuan izango gara".

Jokin Bereziartua (Danbakaren koordinatzailea):  "Inoiz baino indartsuago dator Malko"

Album osoa oraindik entzun barik, "inpresio ona du" Danbakaren koordinatzaileak.

Ze lehen inpresio duzu entzundako malkoren kantu berriez?

Inpresioa oso ona da, diskoak oso itxura ona dauka. Entzun dudana gustatu zait eta orain arte Malkoren zaleak izan direnez harago ere gustatuko dela uste dut. Inoiz baino indartsuago eta grinatsuago dator Malko.

Diskoaren grabaketaren bueltan erreportajea estreinatu zen egunean Goiena telebistan. Zelan joan zen grabaketa hori?

Malkoko kideek eurek aitortzen dutenez, diskoaren grabaketarako denbora gutxi izan dute. Guk ere erreportajea nahi baino abiadura biziagoan grabatu behar izan dugu, baina gustura geratu gara emaitzarekin. Minmugak diskoaren sorkuntza eta grabaketa barru-barrutik erakutsi nahi genuen ikus-entzunezkoan eta helburu hori duin bete dugulakoan gaude; horretarako ezinbestekoa izan da malkotarren jarrera, inplikazioa eta jatortasuna. Uste dugu grabaketetan eurak gustura egon direla, eta guretzat plazer handia izan da eurekin lan egitea. 

Eskualdeko musikarien erakusleihoa da Danbaka eta musikarien artean sortu du hurrengo aldi posible bat izango den jakin-mina. Hurrengoaren datarik badago?

Egia da musikari eta musikazale batzuk hurbilduko zaizkigula galdezka. Ez dugu erabaki oraindik hurrengoa noiz egingo den, baina sentsazioa dugu 2026ko udazkena akaso goizegi litzatekeela Debagoieneko musika taldeentzat. Hala ere, erabakia ez dago hartuta. 

 

Erlazionatuak

Malko, min mugetan dantzan

Jokin Bereziartua Lizarazu aza 06, 21:01 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak