Arantzazuko Adiskideen elkarteak eta Arantzazuko Frantziskotarrek elkarlanean antolatu eta Debagoienako Turismo Informazio eta Interpretazio Zentroa eta Oñatiko Udalaren laguntzarekin egin duten Ezagutu Arantzazu programa Irailaren 27an Paulo Agirrebaltzategik egin zuen Gandiagaren Arantzazu hitzaldiarekin abiatu zuten.
Egun horretan aurkeztu zuten, era berean, Gandiagari buruzko erakusketa digitala. "Arantzazuko liburutegian eta artxibategian Gandiagaren inguruan jasota dauden hainbat dokumentu jasotzen dira bertan, horietako batzuk ezezagunak zirenak orain gutxi arte", azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.
'Gandiaga omenez: hitzez eta kantuz', ikuskizuna
Bitoariano Gandiagarekin harreman handia izan zuen Gontzal Mendibil musikariak eta azaroaren 8an, zapatua, 10:30etan hasita, Mendibilen ahotsean entzun ahal izango dira Gandiagaren olerki bartzuk musikatuta, Gandiaga omenez; hizez eta kantuz izeneko emanaldian. Mendibilekin batera Ainhoa Tabuyo –abeslaria–, Jose Luis Canal –pianoa-jolea– eta Angel Unzu –gitarra eta buzukia-jolea–.
"Abestiak entzuteaz gainera, Gandiagaren bizitzako pasarte batzuk ezagutzeko aukera ere izango dugu, emanaldian, solasaldi antzeztuen bidez, argazkiez eta bere lagun izan ziren beste pertsona ezagunen ahotsetik. Aukera bikaina beraz, Gandiagaren olerkiak entzuteko eta bere ibilbidea hobeto ezagutzeko. Emanaldi hori euskaraz izango da", azaldu dute antolatzaileek.
Aldez aurretik izena eman behar da
Arantzazuko Adiskideen elkarteko bazkideen sarrera doan izango dute, baina bost eurotan dira gainontzekoendako sarrerak. "Sarrerak egunean bertan erosi behar dira, baina edukiera mugatua da eta horregatik, aldez aurretik izena ematea komeni da, adiskideak@arantzazu.org helbidera idatzita edo 688 61 38 40 telefonora deituta".