Paulo Agirrebaltzategi: "Artikuluak debekatuak izateko beldurra egoten zen"

Gontzal Belategi 2025ko urr. 7a, 14:32

Paulo Agirrebaltzategi, Arantzazun. Irudia: Imanol Soriano.

Kulturgintzari eta euskalgintzari lotuta bizi izan da Paulo Agirrebaltzategi (Oñati, 1942). 11 urterekin joan zen Arantzazura, fraide ikastera. Jakin aldizkariko erredakzioko kide izan zen urte luzez, eta egun, ohorezko kidearen kargua du. UZEIko lehen lehendakaria izan zen eta 2014az geroztik ohorezko euskaltzaina da.

Puntua aldizkariaren 470. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Datorren urtean 25 urte beteko dira Bitoriano Gandiaga fraide eta poeta mendatarra hil zenetik, eta, urtemugaren bueltan, Gandiagaren Arantzazu hitzaldia egin zuen irailaren 27an Paulo Agirrebaltzategi idazle eta frantziskotar fraideak, Arantzazuko Asis topagunean.

Berezia izan da urteurreneko ekitaldietako batean parte hartu ahal izatea?

Berezia izan da, bai. 25 urte hauetan Gandiaga bizi izan da, baina pentsatzen dut urteurren honetan merezi duela euskal kulturan eta euskal gizartean bere irudia ilustratu eta merezi duen lekuan jartzea. Neurri batean, Arantzazuren kantaria da Gandiaga, eta hori izan da, hain zuzen, egin dudan hitzaldiaren gaia.

Zein harreman zenuen Gandiagarekin?

Gandiaga umetan ezagutu nuen, baina hura orduan gaztea zen, eta ni, Arantzazun zegoen haur bat. Garai hartan ez genuen harremanik izan, nik alde egin nuenean sartu zelako irakasle. Bueno, ez dakit ziur ni joanda nengoen, baina ez nuen inoiz irakasle izan. Gerora ezagutu nuen, berriro Arantzazura itzuli nintzenean. Orduan argitaratu zuen Elorri bilduma, eta horren bidez Gandiaga idazle eta euskal literaturako gizon bezala ezagutu ahal izan nuen. Ez nintzen inoiz Gandiagarekin bizi izan, baina behin baino gehiagotan egoten ginen Arantzazun, eta, batez ere, Jakin-eko kideok Donostian bizi ginen pisu batean. Sarri etortzen zen poesiak ekartzera, Joxe Azurmendirekin eta Jose Antonio Adurizekin batera. Egunen batzuk pasatzen zituen gure etxean, eta orduan harreman estuagoa izan genuen. Bestalde, euskalgintzako kultur ekitaldietan izaten ginen, eta, bueno, baita mendian ere.

Zerk bultzatu zintuen fraide ikastera?

11 urte bete berritan joan nintzen Arantzazura. Gerora jarri izan naiz zerk bultzatu ninduen pentsatzen. Araotz Arantzazutik kilometro gutxira dago eta mugaz bat egiten dugu. Gainera, Araozko jendea, eta ni neu, hara joandakoak ginen. Uste dut ni txikitan joan nintzela, arrebekin, 5-6 urte nituela. Fraideak ere joaten ziren Araotzera. Gerora, Urrexola auzora joan nintzen bizi izatera, eta han harreman handiagoa izan nuen haiekin. Fraide gazteak joaten ziren auzora, kantatzera, eta baserrian lotan geratu izan ziren. Sermoigile eta estilokoetan ere joaten ziren. Han erabaki nuen fraide joan nahi nuela. Seminario lanean zebilen Kandido Izagirre joan zen behin, eta gogoan dut hari esan niola joan nahi nuela. Zergatik? Arantzazu misterio puntu batekin ikusten genuen leku bat zelako. Horrelako xarma edo erakarpen moduko bat zeukan. Dena den, hauek gerora egindako gogoetak dira. Esan beharra dut inork ez ninduela bultzatu horretara, eta inork ez zidala eragozpenik jarri.

"JAKIN' SORTU ZENEAN IDEIA BATEN BUELTAN IZAN ZEN: EUSKARAK GAURKO KULTURAREN IDEIAK ESPRESATU AHAL IZATEA"

Irakasle ere ibili zara.

Arantzazuko ikasketak bukatu ondoren Erromara joan nintzen, teologian sakondu eta hango doktore titulua ateratzera. Bertara joatea mundu berri bat ezagutzea izan zen, nahiz eta Erromari buruz asko entzun eta ikusten genuen. Erromak duen indar kultural eta historiko hori bertatik ikustea oso inportantea izan zen, oso betegarria. Hango ikasketak bukatutakoan Euskal Herrira itzuli nintzen, baina hilabete batzuk bakarrik egin nituen hemen, handik deitu ninduten-eta irakasle izateko. Lehenengo urte osoa egin nuen han, eta gero beste lau urte edo egin nituen, baina Erroman sei hilabete emanez. Bitartean, Deustuko Teologia Fakultatean ere eskolak ematen ibili nintzen.

Euskal gizartean geroz eta sinestun gutxiago dagoela diote datuek; zelan bizi duzue hau elizbarrutietan?

Sekularizazioaren fenomenoa ona dela uste dut, kristau fedea ikusteko modu gaurkotu bat dela esango nuke. Sekularizazioa, berez, ez dago fedearen aurka. Euskal Herrian, 70eko hamarkadatik hona, aldaketa oso bortitza izan dugu. Europatik eta mundutik mugimendu asko etorri zaizkigu, ismo horiek guztiak sartu dira lehen itxita zegoen leku batean. Hor mugimendu handi bat izan da, halako astindu sozial, kultural eta erlijioso bat. Alde batetik, eskas ikusten duzu, eta nora goazen galdetzen diozu zeure buruari, baina, bestetik, nik itxaropentsu ikusten dut, historiak buelta asko ematen dituelako. Bestelako ikuspuntu positibo bat ere hartzen diot krisialdi honi, aurreko garaiek ere alderdi negatibo asko zituztelako. Gure orekara etorriko garelakoan nagoelako. Gainera, modu honetan, Euskal Herriko kristautasunak datozen urteetan bestelako tonu bat hartuko duela esango nuke, baina ez lehengora itzultzeko; gaurko mundu sekulartuari erantzuteko moduko bestelako Eliza bat gorpuztuko dela uste dut.

1971n hasi zinen hainbat aldizkaritan testuak argitaratzen; gogoan duzu nolakoak ziren idatzi zenituen lehen testu haiek?

Anaitasuna aldizkarian hasi nintzen idazten. Bizkaiko aldizkari bat zen, garairako oso aurreratua, pentsamenduz zein euskararen aldetik. Euskara batuaren aldeko apustua berehala egin zuen. Erroman nengoenean hasi nintzen bertan idazten. Artikulu oso sinpleak izaten ziren; albiste komentatuak, gehienbat; munduan, Europan zein Erroman gertatzen ziren albisteak, modu oso xumean idatziak. Gerora, bestelako aldizkari batzuetan ere idazte ibili nintzen, antzerako formatuekin. Jakin aldizkarian hasi nintzen artikulu sakonxeagoak idazten.

Nondik datorkizu idazteko grina?

Hein batean, barruko behar bati erantzuteko hasi nintzela esan daiteke. Baina, akaso, hori baino gehiago, gure herriaren eta gure hizkuntzaren premia ikusita hartutako erabaki bat da. Militante baten gisan sartzen zara euskalgintzan. Garai hartan, batez ere aspektu horretan premia asko zeuden, eta horiei erantzuteko hasi nintzen. Niretzako ere idatzi izan dut. 16 urterekin-edo egunerokoa idazten hasi nintzen, eta oraindik ere jarraitzen dut horretan. Bertan hasi nintzen euskaraz idazten, Erromara joan nintzenean, aurretik erdaraz idazten nuen eta.

"GURE HERRIAREN ETA GURE HIZKUNTZAREN PREMIA IKUSITA HARTUTAKO ERABAKIA DA IDAZTEA"

Zein oroitzapen dituzu Jakin-en zenbiltzan garaitik?

Berandu samar sartu nintzen Jakin Taldean, behin Erromako ikasketak bukatuta. Aldizkaria debekatuta zegoen 1969tik. Torrealdai zen orduko zuzendaria, eta hark alde egin zuen. Mugimendu guztia sakabanatuta zegoen, eta aldizkaria isilduta. Gerora, Joseba Intxausti Bartzelonatik etorri zen, ikasketak bukatuta, eta mugimendua suspertu eta aldizkaria martxan jartzea eskatu zioten. Gestioak egin, baimenak lortu eta berriro argitaratzen hastea zen asmoa. Hori luze zihoanez, liburuak eta bestelako monografiak argitaratzen hasi ziren. Giro hartan sartu nintzen ni taldean, Intxaustik deituta. Berriro erredakzio bezala antolatzen hasi zen Jakin. Intxausti Tolosara joan zen bizi izatera, eta ni ere Erroman ez nengoenetan bertan bizi nintzen. Gerora, Donostiara mugitu ginen. Aktiboki ibili nintzen urteetan talde-lana zen nagusi, eta oraindik hala jarraitzen du. Bizi ere elkarrekin bizi ginen. Denborarekin, Jakin aldatzen joan zen, fraideon adiskide izatetik bestelako estatus juridiko bat hartzera pasa zen, fundazio baten izaera, baina orduan ere bertan jarraitu nuen, nahiz eta ordurako erredakzioa ez zegoen Jakin Taldeari lotuta. Duela hamar urte edo, garai hartako erredakzioko kideok Jakineko ohorezko kide izendatu gintuzten. Geroztik, hurbiletik jarraitzen dut beraien lana.

Gogorra zen garai haietan euskarazko komunikabide batean ibiltzea?

Garbi dago traba asko izaten genituela. Gogoan dut garai batean Jakinetik eraman genuela Anaitasuna aldizkariko zuzendaritza. Nik ere parte hartzen nuen, eta gaia gogoan ez dudan arren, lehen orrialdeko artikulua debekatu egin ziguten. Orduan, beste artikulu bat argitaratu behar izan genuen, baina azala kolore beltzean kaleratu genuen, debekuari erantzuteko. Horrelakoak sarri gertatzen ziren. Madrildik zentsura deitzen ez bazioten ere, kontrol handia zegoen, eta edozein momentutan artikuluak debekatuak izateko beldurra egoten zen. Gainera, Jakin aldizkaria bera debekatuta zegoen garai hartan. Hainbat istilu izan ziren, ez genuelako berriro ere baimena izatea lortzen. Azkenean, 1977an lortu genuen berriro, eta ordutik aurrera gauzak zerbait aldatu ziren.

UZEI (Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea) sortu zenuten; zergatik?

Aldizkaria debekatuta zegoen garaian erabaki zuen Jakin Taldeak UZEI sortzea.1956an Jakin sortu zenean ideia baten bueltan izan zen, euskarak gaurko kulturaren ideiak espresatu ahal izatea, euskara modernizatzea. Ideia hori beti egon da. Aldizkaria debekatuta zegoenean, bilera nagusi bat izan genuen Donapaleun [Nafarroa Beherea]. Ni ezin izan nintzen egon, baina 16-20 lagunek hartu zuten parte; tartean, taldetik kanpoko pertsonak: adibidez, Bernardo Atxaga eta Andoni Sagarna. 1973an, Udako Euskal Unibertsitatea jarri zen martxan, eta euskal unibertsitateari begira hiztegi tekniko berezituak behar zirela erabaki zen Donapaleun. Horri heldu genion berehala, eta talde berezituak sortzen hasi ginen: Elhuyarrekin fisika, kimika eta matematiketako hiztegiak lantzen hasi ginen, Aranzadirekin natur zientzietakoa, eta ekonomiako zein erlijioko hiztegiak ere bai. Talde haiek antolatzen ibili behar izan nuen Tolosan egoten nintzen boladetan. Azkenean, natur zientzietako hiztegia argitaratzea lortu genuen. Lan handia eman zigun, eta konturatu ginen Jakin ez zela nahikoa horrelako lan bat aurrera ateratzeko. Hori dela eta, beste erakunde bat, UZEI, sortzea erabaki genuen.

"AZKEN 50 URTEOTAN EUSKALTZAINDIAK EGINKIZUN GARRANTZITSUA BETE DU"

Herri eta hizkuntza gutxituen aldeko ekimen eta mugimendu ugaritan izan zara.

Euskal Herriaren egoeratik abiatuta askotariko mugimenduetan ibili nintzen sartuta; bereziki, Europako hizkuntza minorizatuen aldeko mugimenduetan. Pozez ikusten dut egun ere badirela horrelako mugimenduak martxan. Garabide da interesgarri suertatzen zaidan horietako bat. Euskal Herrian bizi izan dugun eta bizi dugun arazo hori ardatz hartuta, beste batzuek antzeko arazoak dituztela ikustea edo batzuk gu baino larriago daudela ikustea interesgarria dela uste dut, hor presente egoteko eta elkartasuna adierazteko aukera ematen duelako. Gure herrian izan dugun esperientziatik beste batzuei laguntzen ahalegintzea garrantzitsua delakoan nago.

Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?

Esperantzaz ikusten dut, eta hemendik 30 urtera hobeto egongo delakoan nago. Edozelan ere, horretarako zenbait baldintza bete behar dira. Alde batetik, erakunde publikoek euskararen inguruko politika bateratu bat izan beharko dute. Instituzio bateratuak ez izan arren, politika bateratu bat izan beharko da, eta estatu bat lortzen ez baldin badugu ere, indar politiko sendo eta bateratua beharko dugu. Beste alde batetik, herri mugimendua suspertu behar da. Orain dela 30-40 urte, mugimendu indartsua egon zen, eta handik sortu ziren ikastolak, alfabetatzea eta halako kontuak. Horrez gainera, instituzioen eta herri mugimenduaren arteko elkarlana behar da euskarari dagokionez. Baldintza horiek gabe hizkuntzen arteko borroka horretan larri ibiliko gara.

Nola sentiarazi zintuen ohorezko euskaltzain izendatu zintuztela jakiteak?

Euskaltzaindia elementu oso garrantzitsua izan da, batez ere, Euskal Herria bere osotasunean hartzen duen erakundetako bat izan delako. Azken 50 urteotan Euskaltzaindiak eginkizun garrantzitsua bete du proiektuak bultzatzen eta euskalgintza suspertzen. Betidanik baloratu izan dut Euskaltzaindia, eta laguntzeko joera izan dut. Ez naiz inoiz bertan ibili, baina Jakin Taldea zein ni neu Euskaltzaindiaren euskara ereduaren defendatzaile sutsuak izan gara. Hala ere, ez dakit zergatik izendatu ninduten, eta esango nuke ez duela aparteko garrantzirik. Aitorpen bat izango da, beharbada, ez egin ditudan lanei, erakutsitako leialtasun kritiko horri baizik. Ondo dago jaso izana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak