Errekak aztertuko dituzte bihar herritarren zientzia erabilita

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko urr. 20a, 10:38

Oñati erreka Kasablanka parean.

Herriko Oñati eta Olaran erreken azterketa egingo dute bihar, martitzena, herritarren zientziaren metodologia erabilita. Datuak ere batuko dituzte, eta zientzialarien eskuetan utzi. Deialdia irekia da; Natur Eskolakoak izango dira gidariak.

Bailara mailan egiten den erreka garbiketako ekimenaren bueltan, ekintzak antolatu ditu aurten ere Natur Eskolak, eta horietako bat izango da Oñati eta Olara errekei buruzko ezagutza handitzea eta haien azterketa egitea. Eskolekin egin izan dute irteera hori urtero, eta jasotako datuak Natur Eskolakoek bidali dituzte gero dagokion tokira. Orain, baina, herritarrekin egingo dute: Natur Eskolakoen azalpenak jasoko dituzte lehenengo, errekara joango eta datuak bilduko dituzte gero eta, azkenik, Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ibaialde programara bidaliko dituzte, zientzialariek erabili ditzaten. Hau da, herritarren zientzia erabilita egingo dute lana.

Hiru esparrutako datuak

Martitzenean izango da, urriak 21. 17:00etan elkartuko dira, Natur Eskolan, eta errekei buruzko azalpen orokorrak jasoko dituzte han ekintzan parte hartuko dutenek. "Erreka bat zer den azalduko da, eta bertan zein datu bilduko diren azalduko dugu gero. Bi arlotako datuak jasoko ditugu: fisiko-kimikoak, batetik –eguraldia, ur sakonera, errekaren zabalera, tenperatura, edo uraren oxigeno maila, adibidez–; eta biologikoak, bestetik –landaretza mota, dituen neurriak, animaliak edo identifikatzen diren xomorroak, esterako–. Horrez gain, gizakiaren eskusartzea zenbaterainokoa den ere jaso behar da; hau da, hondakinik dagoen, solidoak edo kimikoak diren, inguruan ondare etnografikorik dagoen...", azaldu du Natur Eskolako hezitzaile Idoia Bollarrek.

Izena eman behar da

Deialdia irekia da eta interesa duen edozein herritarrek eman dezake izena Natur Eskolan –natureskola@yahoo.es edo 943 71 64 04–. Biltzen den jende kopuruaren arabera taldeak egingo dituzte; batzuek Oñati erreka aztertuko dute eta beste batzuek, Olaran erreka. 50 metro nahikoa izaten da azterketa egiteko; bi talde egonez gero, berriz, komeni da bien artean 500 metro egotea, gutxienez. Herritarren zientziaren metodologia erabilita Natur Eskolak egingo duen lehen ekintza edo irteera izango da hori, baina ikasturtean zehar egingo ditu gehiago; adibidez: gautxoriak, orkideak eta sugeak aztertzeko.

Urriko Ibai-lagun programaren barruan, zapatuko erreka garbiketaz eta biharko irteera horrez gain, eguaztenean Kantauri dokumentala emango dute zinema-aretoan, eta egubakoitzean ur-satorrari buruzko hitzaldia egongo da. Biak ala biak, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak