Askotariko gaiei buruzko 402 proposamen egin dituzte herritarrek partaidetzazko aurrekontuen barruan. Guztiak irakurri, errepikatutakoak bateratu -pertsona batek baino gehiagok eskera berdina egin duen kasuetan–, antzekotasunaren arabera multzokatu eta sailkatu ditu Udalak eta proposamen horien egokitasuna ere aztertu du alderdi bietako udal ordezkariek osatzen duten Mahai Politikoak, prozesuaren jarraipenerako organoak. Orain, onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda arrazoitua ikusgai jarriko dute udal webgunean.
Bi tailer lehentasunen fasean
Aurrera egin duten proposamenen zerrenda lehentasunen arabera puntuatuko eta ordenatuko dute. Fase honen ondoren, udal teknikariek ekarpen horiek teknikoki bideragarriak diren aztertuko dute eta azken fasea izango da bozketarena.
Proposamenen lehentasuna finkatzeko, bi tailer egingo dituzte. Irekiak izango dira eta herritar orok hartu ahal izango du parte. Tailer biak izango dira 18:00etatik 20:00etara kultura etxeko erakusketa gelan.
- Urriak 14, martitzena. Gaiak: azpiegiturak (plaza, komunak, azoka, frontoia, iturriak…), hiri altzariak (bankuak, argiztapena, barandillak…), irisgarritasuna (espaloiak, zebra- bideak, oztopoak…)…
- Urriak 22, eguaztena. Gaiak: kirola, aisialdia, gaztaroa, zahartzaroa, kultura (ondarea, aniztasuna, musika, aretoak…), mugikortasuna (aparkalekuak, errepideak, kaleak, oinezko guneak, bizikleta, ibilgailu elektriko…), landa-eremua, berdeguneak, ingurumena, energia berriztagarriak, animaliak…
Parte hartzeko deia
Udaleko Partaidetza eta Garapen Komunitarioko sailak aurreko fasearen balorazio positiboa egin du, eta eskerrak eman dizkie proposamenak aurkeztu dituzten herritarrei: "Prozesu honen aberastasuna herritarren parte-hartzean dago. Gero eta jende gehiagok eta anitzagoak parte hartzen badu, emaitza bidezkoagoa eta herritarren beharrei erantzuteko modukoa izango da".
600.000 euro bideratuko ditu Udalak herritarrek egindako proposamenetara. 2026an eta 2027an gauzatuko dira.