Galarza eta Sotil nagusi, Erleren eta Apezetxearen kontrako finalean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urr. 5a, 20:58

Sari-banaketako talde argazkia. (Argazkia: I.A.A.).

Gaur arratsaldean jokatu dituzte 42. San Migel torneoko finalak eta nagusietan Iñaki Galarzak eta Julen Sotilek mendean hartu dituzte Iñigo Erle oñatiarra eta Beñat Apezetxea (22-9). Gazte mailan, Aratz Ormaetxea bergararrak eta Elgoibarko Iker Izagirrek jantzi dute txapela Manex Olaiz eta Aitor Etxebarria 22-17 mendean hartuta.

Urtebetetze oparia izan zitekeen Iñigo Erlerentzat San Migel torneoan jokatu duen bosgarren finalean hirugarren txapela janztea, baina ez da posible izan. 2 eta 0 jarri dira aurretik, eta binako eta bosnako berdinketen ostean, Galarza eta Sotil gehiago izan dira, eta haiendako izan da txapela (22-9).

Oñatiarrak sari-banaketaren ostean adierazi du, halako aldearekin "zaila" izaten dela partidari buelta ematea. "Ez zegoen zulorik beste bikotean. Sotil, atzelaria, oso ondo egon da. Gainetik pasa nau, eta Iñaki Galarzak partidu borobila egin du. Beñat Apezetxeak ere ahal zuen guztia egin du, eta alde horretatik plazer handia izan da finalera heldu arteko partida guztiak berarekin jokatzea. Emaitzarekin baino prozesuarekin gozatzea tokatzen da", azaldu du.

Partidaren hasieran sartuta egon dela dio, baina, gero, egoera aldatu egin dela: "Beñatek guztia eman duela uste dut ahal izan duen heinean, eta niri neurea ematea falta izan zaidala uste dut".

Julen Sotil eta Iñaki Galarza garaileak pozik agertu dira garaipenarekin. Sotilen esanetan "oso ongi" sartu dira partidan hasieratik: "Partida ona egin dugu, Beñati ez diogu utzi sartzen jokoan, eta deseroso zegoen. Gure helburua atzea kargatzea zen eta ongi atera zaigu".

Seniorren sari-banaketako talde argazkia. (Argazkia: I.A.A.).

Gazte mailan txapela Bergarara

Aratz Ormaetxea bergararrak ere gazte mailako finala jokatu du Iker Izagirrerekin batera, eta txapela eskuratu dute Manex Olaiz eta Aitor Etxebarriari 22-17 irabazita.

Partidua nahiko parekatua izan dira hasieratik, baina hamabira heltzen lehenak izan dira Ormaetxea eta Izagirre, eta markagailu horren ostean, Olaiz eta Etxebarria hurbildu badira ere, aurretik joan dira. "Partidua gogorra izan da hasieratik, nahiko parekatua izan da. 16-15 geundenean apurtu dugu pixka bat. Hiru tantoko aldea hartu dugu eta hori aprobetxatuta 22ra heldu gara eta pozik egindako partiduarekin.

Gazte mailako sari-banaketako talde argazkia. (Argazkia: I.A.A.).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak