Greba mugagabea hasi dute Oñatiko kale-garbitzaileek

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ira. 27a, 08:14

Errementeri plazan.

Langileek ez dituzte nahikoa ikusten Udalak egindako proposamenak eta greba hasi dute "oso modu txarrean". Ez dago jarrita Udala eta langile ordezkarien hurrengo bilera. Gaurtik aurrera zerbitzu minimoak egongo dira kaleak garbitzeko.

Egutegia beste udal langileenera egokitzea eta langile kopurua 10etik 12ra igotzea ziren udaleko kale-garbitzaileen eskaera nagusiak. Horiek lortu ezean, gaur, hilak 27, greba mugagabea hasiko zutela iragarri zuten, eta horrela izan da. Diote, gainera, "oso modu txarrean" hasi dutela, "greba egin aurretik nominatik dirua dagoeneko kenduta". Gero jakinarazi du Udalak konponduta dagoela hori. Zerbitzu minimoak zeintzuk izango diren ikusita ere badute euren egonezina: "jai egunetan %100ean beteko da zerbitzua, greba eskubiderik ez dugula erakusten du horrek. Aste egunetan, %25a; langile bakarra egongo da egun horietan lanean". 

Udalak, "ez du erabakia ulertzen. Izan ere, langileen eskaera guztiak barnebilduko lituzkeen egutegi bat proposatzeko konpromisoa helarazi zaie". Dio atzo, egubakoitza, ere proposamen eta konpromiso zehatzak helarazi zizkiela: "Batetik, greba bertan behera utziz gero Udalak egutegiaren lanketarako denbora eta baliabide gehiago izango lituzkeelarik, egutegien kontraste bilera aurreratzea, eta datorren astean egitea –langile ordezkariek ere landu dute proposamen bat egungo langile kopuruarekin, beraz, bi aldeko proposamenak leudeke aztergai bilera horretan-. Horretan geratu barik, Udala lantzen ari den egutegi proposamenak ekarriko lituzkeen zenbait hobekuntza helarazi dizkie, horien artean, eguneko lan jarduna luzatuz, datorren urteko egutegian aurtengoan baino 10 lan egun gutxiago izatea". Gaineratu du "eskaera bakarraren inguruan" dagoela iritzi aldea gaur, bi langileren kontratazioan: "Urte sasoi batean, errefortzuko bi pertsona batzen dira plantillara –12tik 14ra–. Bestetik, duela hilabete gutxi Udal antolakuntzaren inguruan eginiko azterketak ez du kale-garbitzaile plantilla indartzeko beharrik identifikatu. Argitu beharrekoa da azken urteetan postu berriak sortu direla kale garbiketa zerbitzuan". Egutegiari lotura gehitu du Udala lantzen ari den egutegi proposamenak, "egungo langile
kopuruarekin egin denak, egutegiari lotuta egindako eskaera guztiak barnebiltzen" dituela.

Zerbitzu minimoak

Gaurtik, beraz, eta arazoa konpondu bitartean, zerbitzu minimoak egongo dira kaleak garbitzeko. Udalak zehaztu du zein izango den zerbitzu hori: "Eusko Jaurlaritzak helarazia du kale garbiketako greba aldiko zerbitzu minimoen inguruko ebazpena. Jai egunetan, plantillaren %75 egotea eskatu zuen Udalak; eta, ohiko egunetan, %25. Eusko Jaurlaritzak, baina, plantillaren %100 egon beharra ebatzi du jai egunetarako. Horrekin, honako zeregin hauek ditu zehaztuta: espaloiak eskuz erraztatzea, espaloien erraztatze mekanikoa, galtzadak baldekatzea, aire-zurrusta bidezko erraztatzea, merkatu ibiltarien garbiketa, garbiketa bereziak jai, azoka eta ekitaldi publikoetan eta edukiontziak hustea. Ohiko egunetan, bestetik, egutegian zehaztutakoaren %25ak luke egon beharra, espaloiak eskuz erraztatzeko, espaloien erraztatze mekanikorako, aire-zurrusta bidezko erraztatzerako, merkatu ibiltarien garbiketarako eta edukiontziak husteko".

Ez dago jarrita Udala eta langile ordezkarien hurrengo bilera. Laneko arropetan xingola beltza jarriko dute langileek grebak iraun bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak