ULMA Taldeko Kontseilu Nagusiak Aitor Ayastuy izendatu du kooperatiba taldeko hurrengo zuzendari nagusia izateko, Iñaki Gabilondoren ordez. Organo horrek ULMA Taldeko bederatzi kooperatiben ordezkaritza du, eta Ayastuy izendatzea onartu du, azken 16 urteetan ULMA Taldeko Zuzendaritza Nagusiaren buru izan den Gabilondoren lekukoa hartzeko. Egungo zuzendari nagusiak "proiektuaren hazkundeak eta sendotzeak markatutako aldia" itxiko du datorren urtean.
Enpresako arduradunen esanetan, errelebo-prozesua "modu ordenatuan" garatu da azken hilabeteotan, proiektu sozio-enpresarialaren jarraipena ziurtatzeko eta Taldea etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatzeko. Urtea bukatu arte, Ayastuyk eta Gabilondok gaur egungo erantzukizunei eutsiko diete, baina lan koordinatua egingo dute Taldearen Zuzendaritza Nagusiaren buru gisa.
Era berean, gehitu dute Ayastuyk "datozen urteetan ULMA gidatzeko zehaztutako profilari" erantzuten diola: "Ibilbide luzea du industriaren eta kudeaketaren arloan, nazioarteko esperientzia eta eredu kooperatiboarekiko konpromiso sendoa". Gainera, Ayastuy ULMA Taldeko Zuzendaritza Kontseiluko kide da duela 17 urtetik, "eta horrek aukera ematen dio industria-talde batean bizi diren errealitateen ezagutza zehatza izateko, sektoreetan nahiz merkatuetan oso jarduera dibertsifikatuak dituen talde batean".