Ume eta gaztetxoen eguna, Valentziar erkidegoko txapeldun izandako Tuca eta Juli Bayotek irabazitako nazioarteko artzain txakur txapelketa eta Santa Ana antzokia bete zuen bertso saioa izan ziren aurreko asteburuan, jaiak hastear zirela iragartzeko. Pasa da astea eta domekan jaitsiko da txantxikua San Migel jaiak hasi direla ofizial egiteko. Bitartean, baina, Bulego taldeak joko du gaur, egubakoitza, plazan, auzolinpiadak egingo dira bihar goizean txosna gunean eta bolo txapelketa domeka goizean San Martinen. Jaien egitaraua prest dago eta herritarrak gozatzeko gertu.
Oinez ibiltzeko gomendioa
San Migel eta Errosaixo jaiak, urtean zehar asteburu askotan egin diren auzoetako jaien ondoren datoz aurten ere eta kulturako batzordeburu Iñaki Olalde Altzelaik eskerrak eman dizkie eta euren lana aitortu bai auzoetako jai batzordeei baita orain herriko jai nagusiak antolatzen ibili diren guztiei ere: "Herriko 20 eragile inguruk antolatutako ekintzak betetzen dute egitarauaren zati handi bat eta hori oso pozgarria da". Bolo-joko txapelketa, adibidez, Kurtzebaltz elkarteak antolatutakoa izaten da. Joan den domekan ziren egitekoak, halaxe zetorren programan, baina eguraldiagatik atzeratu egin dute eta domekan, hilak 28, egingo da. Herritar asko erakartzen duen hitzordua izaten da.
Gaurtik, irailak 26, hilaren 30a bitartean ospatuko dira sanmigelak, urriaren 3tik 6ra errosaixoak, eta egongo dira, herritar asko batuko dituzten ekitaldi gehiago, sarrerak agortuta dauden herri bazkariak tarteko, izan Zubikoan izan txosna gunean. Aldaketa nabarmen bat ere badute jai hauek. Plaza ingurua eraberritzeko egiten ari diren obrak direla eta, barrakak Olaitturrin egongo dira. Han ez da aparkalekurik egongo, ezta bertakoendako ere, eta Udalaren gomendioa da ahalik eta gehien oinez mugitzeko herri barruan, eta kanpotik datozenei garraio publikoa erabiltzeko. Jai egunetan, bestalde, ez da TAOrik egongo. Bai, ordea, eraso sexisten aurreko telefonozko arreta zerbitzua. Eraso sexista bat jasanez gero, nola lagundu ez jakinez gero edo laguntza behar izanez gero, berehalako arreta zerbitzua eskainiko da 688 60 20 89 telefono-zenbakian. Txosna gunean ere urriaren 6ra arte egongo da aktibatuta protokoloa.
Palestinari elkartasuna
Palestina jasaten ari den genozidioaren aurrean, elkartasuna adierazteko keinuak eta ekintzak ere egingo dira jaietan egitarauak jasotzen dituen ekitaldiez gain. Domeka gaueko danborradan, esaterako, Palestinako zapiekin aterako dira parte-hartzaileak. Txosna gunean hango bandera bat egongo da jarrita jaiak irauten duten egunetan eta Herri Egunean, Sol Band talde palestinarrak joko du. Gazako musikariek herri palestinarraren erresistentziari emango diote ahotsa, folk doinuek lagunduta. Haren aurretik ekitaldi bat egingo da gune horretan. Hilaren 1ean, berriz, Erei taldeak antolatuta, Palestinako egungo egoera eta sustrai kultural eta musikalak ezagutzeko hitzaldi musikatua egongo da kultura etxean, Sol Band taldearekin.
Txosna gunean, bestalde, edariak zerbitzatuko duten txosna bat eta pizzak izango dituen beste bat egongo da. Herriko hamabi eragileren artean kudeatuko dute eta 30 bat txanda dituzte antolatuta.