Zuzeneko musikak etengabeko presentzia izango du ostiral honatatik urriaren 6ra arte. Ondorengo lerroetan aipatutako taldeez gain, musika-jartzaileak eta txarangak ere ibiliko dira egun eta gau kalea girotzen.
IRAILAK 26 / 22:30 / PLAZA
BULEGO

Punta-puntako talde bilakatu da 2020tik hona, euskarazko popa eta elektronika uztartuta. Sanmigelen hasieratik beteko da plaza goraino, Tomas Lizarazuren eta enparauen kantuak abesteko gogotsu.
IRAILAK 27 / 22:00 / TXOSNAGUNEA
PILT

90eko hamarkadan bogan egon zen euskal metal taldeak bigarren gaztaroaz gozatzen dihardu.
AINGURA

Sakana eta Erribera artean ereindako punk-rock abestiak aurkeztuko ditu boskoteak.
EUSKOPRINCESS

Artista hernaniarrak Lehendakari eta halako abesti aske eta indartsuekin limurtuko du publikoa.
IRAILAK 28 / 20:15 / PLAZA
SUKAR

Erromeria eta festa gailenduko da Bizkaiko taldearen ikuskizunean; eta, danborradaren ostean, berriz.
IRAILAK 29 / 20:00 / PLAZA
REMEMBER QUEEN

Queen talde britainiarraren omenezko ikuskizun ezagunenetako batek Freddy Mercury berpiztuko du.
IRAILAK 30 / 11:30 / SAN MARTIN EGOITZAN
LA RIBERA CANTA

Tuterako jota-eskolan sortutako taldeak 36 urte daramatza kantuan. 13:00etan, Lazarragako lorategian izango dira baita ere.
IRAILAK 30 / 20:15 / PLAZA
ROBERTO ETXEBARRIA

Trikitilari erreferente horrek eta bere bandak mimoz prestatutako ikuskizuna joko dute.
URRIAK 3 / 20:00 / TXOSNAGUNEA
SOL BAND

Gazako musikariek herri palestinarraren erresistentziari emango diote ahotsa, folk doinuek lagunduta. Haien ostean, Pantx Records kolektiboak girotuko du gaua, jamaikar jatorriko musikarekin.
URRIAK 3 / 19:30 / ATZEKO KALEA
LA FURIA

Rap abeslaria erreferente bilakatu da tokiko eszenan. Iaztik jo eta su dabil Ultra diskoa aurkezten, ibilbideko laugarrena.
URRIAK 4 / 18:30 / ATZEKO KALEA
ZATEKEEN

Bost emakumez osatutako erromeria taldeko kideak Zumarraga eta Urretxutik etorriko dira festazaleak dantzan jartzeko.
URRIAK 4 / 20:00 / PLAZA
BIDE BATEZ

Trikitia lagun, euskal giroan oinarritutako festa-giro ederra sortuko dute birritan, 22:30ean berriz igoko baitira oholtzara.
URRIAK 4 / 22:00 / TXOSNAGUNEA
LETAGIN

Tokirik goxoenean, etxean, jokatuko dute rocker oñatiarrek, publikoaren beroak babestuta, izerdiz gainezka amaituko den kontzertuan.
MI BUENAVENTURA

Musikari euskaldun eta kolonbiarrek cumbiaz eta doinu psikodelikoz jositako menu exotikoa zerbitzatuko dute.
EMAION

20 urte inguruko legazpiarrek erromeria taldea sortu zuten 2022an, eta eskarmentua hartzen dabiltza pixkanaka.
URRIAK 5 / 13:00 / PLAZA
ROCK BANDA

Oñatiko Musika Bandak eta herriko hainbat musikarik Janus Lester, Rolling Stones, Bon Jovi edota Queen moduko taldeen abestik mitikoak joko dituzte.
URRIAK 5 / 19:00 / ATZEKO KALEA
THE TAVERNERS

Burgosko talde horrek folk irlandarraz bustiko ditu bertaratzen direnen belarri eta eztarriak.
URRIAK 5 / 20:00 / TXOSNAGUNEA
NHIL

Aretxabaletarren estudioko hirugarren lana, Etxea, ezagutzeko aukera izango dute txosnagunera bertaratzen direnek.
URRIAK 5 / 20:00 / PLAZA
METEORO ORKESTRA

Nafar jatorriko ikuskizun indartsu horrekin bi bider gozatu ahal izango da, Deabru Beltzen ostean ere joko baitute, 23:00 aldera.
URRIAK 6 / 18:00 / KALEJIRA
ROCKALEAN

RocKalean-ek rockaren eta poparen historiako kantu handiak indarrez eta zehaztasunez bertsionatzeko gaitasuna dauka. AC/DC, Leño, Mikel Laboa, James Brown, Barricada, Hertzainak eta musikaren panoramako beste izen mitiko batzuen zatitxoak banatuko dituzte kalerik kale.
URRIAK 6 / 18:00 / TXOSNAGUNEA
DIBERTSIOAK

Herriko gazte musikariak beste urte batez animatu dira talde ezagunen abestiak jotzera. Zortzi txandatan banatuta, goizeko ordu bata arte, Creedence Clearwater Revival, Non Servium, Des-kontrol, Pirritx eta Porrotx, Golpe de Estado, Lendakaris Muertos, Kaotiko eta Berri Txarrak-en kantuak taularatuko dituzte.
URRIAK 6 / 20:00 / PLAZA
PURO RELAJO

Jaiak ixteko, zer hobeto mariatxiak baino? Oibarko (Nafarroa) boskotea kantu latinoamerikar klasikoak eta euskarazkoak ere interpretatzera etorriko da. Oñatiarrei gaixoa, ni unea goxatuko dietela ziur egon.