Euskal Herriko Casteller Taldeak tailer-erakustaldia egingo du plazan irailaren 27an, 12:00etan hasita. "Casteller-ak nola egiten diren jakin gura duen edonor etor daiteke. Han egongo gara azalpenak ematen eta zalantzak argitzen. Elkartzen garen jende kopuruaren arabera, erakustaldia ere egingo dugu", aurreratu du talde horretako kide Eritz Campos oñatiarrak.
Edozeinek du lekua
Jendea plazan elkartu eta orduan hasiko dira azaltzen nola pertsona guztiek duten lekua casteller batean, eta nola, pertsona horren gorpuzkeraren arabera, erabakitzen den non kokatu. "Arinenak, normalean, goian egoten dira. Baina kontua ez da pisua, baizik eta pertsonaren konstituzioak, gorputzak eta posturak; egoteko era horiek zerikusi handiagoa dute jolas honetan pisuak berak baino".
Taldeko zenbat kide etorriko diren oraindik ezin izan du zehaztu Camposek, baina horren arabera erakustaldiak ere egingo dituztela aurreratu du: "Posible da bakarra egin beharrean tamaina txikiko hainbat egitea ere. Ikusiko dugu taldeko zenbat etortzen garen eta zenbat herritar etortzen diren".
Londresera eta Madrilera
Duela urtebete, 2024ko irailean, hasi zen Eritz Campos Euskal Herriko Casteller Taldean parte hartzen. Donostian eta Bilbon egiten dituzte entseguak, gehienetan, eta irteerak ere bai, Euskal Herrian bertan zein kanpoan. "Legazpira eta Galdakaora egin ditugu azken irteerak, adibidez, eta baditugu lotuta beste batzuk. Londreseko Casteller Taldeak gonbidatuta joango da hemengo taldetxo bat hara urrian, eta azaroaren amaieran Madrilen izango gara. Egia esan, pozik gaude urtean zehar egindakoarekin, urte ona izan dela esango nuke".
Gaztelekuan entseguak
Casteller-en oihartzuna zabaldu da Oñatin; urtebete honetan taldetxo bat eratu da eta entseguak egiten dituzte. "Gaztetxoak etortzen dira. Gaztelekuan egiten ditugu entseguak. Han elkartzen gara eta han entseatzen ditugu posturak, altuerak eta bestelakoak. Polita izaten ari da, bai. Ikasturte honetan ere badugu asmoa jarraitzeko. Urrian hasiko dugu ikasturtea, eta Oñatin egingo da zerbait berezia, bai", dio Camposek. Hilaren 27ko tailer-erakustaldira joaten denak ere galdetu dezake Oñatiko taldeaz, eta izena eman, parte hartu gura izanez gero.
Jaietan egingo den tailer eta erakustaldirako, komeni da prakak eta alkandora jantzita joatea: "Prakek bakeroak izan behar dute, eta alkandorak, edozein koloretakoa".