Goizetik hasita, kalean egoteko da Herri Eguna

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ira. 18a, 10:00

Ganadu erakusketa, unibertsitate pareko zelaian (Argazkia: GOIENA).

Ohiko osagaiekin eta ohiko espazioetan ospatuko da aurtengo Herri Eguna, urriaren 4an. Herriko produktuak eramango dituzte herriko abeltzainek eta nekazariek goizean kalera, eta eguerdian bazkari jendetsuak izango dira kiroldegian zein gaztetxean.

Urriko lehen zapatuan, urriaren 4an, ospatuko da Herri Eguna. Goizetik gauera arte kalean ibiltzeko eguna izaten da. Aurten ere Aita Madina txistulari taldearen goiz-eresiarekin hasiko da, 09:00etan, eta norbanakoa nekatzen denean bukatuko da, gauean ere izango direlako zuzeneko musika emanaldiak, plazan zein txosnagunean.

Herriko 22 ustiategi

Hala, egun osorako egitaraua prestatu dute aurten ere. Ohiko espazioetan izango dira ekintzak, eta eragile baten baino gehiagoren laguntzarekin antolatuko dira, beste behin.
Nekazarien Elkarteak antolatu eta kudeatuko du goizean egongo den lehen sektoreko produktuen erakusketa eta lehiaketa; herriko behi, behor, zaldi, asto, ardi eta bestelako animalien erakusketa antolatuko du Santic Spiritus unibertsitate parean dagoen zelai-gunean. Elkartea arduratzen da animalien garraioaz ere, eta saiatzen da erakusketaren aniztasuna zaintzen.
Barazkien eta fruten erakusketa ere antolatuko du, eta baita gazta lehiaketa ere. Abelburuak eta barazkiak eta frutak bezala, lehiaketan parte hartuko duten gaztak ere herrian, Oñatin, ekoiztutakoak izango dira. Horixe da Herri Eguneko azoka horren berezitasunik handiena, herri mailako produktuak egoten direla ikusgai eta salgai, landatik kalera zuzenean abeltzainek zein nekazariek eurek eramanda. Herriko 22 ustiategi egongo dira goizeko erakustaldian. Gainera, ardien ile-moztaile bat ere egongo da, erakustaldia egiten.

28 sagardo-etxe

Unibertsitatearen klaustroan egoten diren artisauen artean ere herrikoak izango dira erdiak; Udalak antolatzen du hori eta urtero gordetzen ditu hainbat postu herriko artisauendako. Aurten, 30 postu izango dira guztira: Aspace elkartearendako egoten da bat gordeta, eta gainerakoak, hamabost izango dira Oñatiko artisauenak eta hamalau herritik kanpokoenak.
Institutu aurrean egongo da aurten ere taloen taberna, eta Ezker Abertzalea arduratuko da taloak egiteaz eta zerbitzatzeaz, tragoxka batekin. Aurretik erosi beharko dira txartelak, gero taloak eskatzeko.
Eta taloen tabernaren eta unibertsitatearen artean jakien denetariko postuak egongo dira: kontserbak, ogia, gozoak... Hogei batek eman dute izena euren postua han jartzeko, baina ez dago denendako tokirik, eta zozketa bidez erabakiko dituzte.
 
Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua egongo da Herri Egunean; goizean, herribusa ere bai.
Gune hartatik metro gutxira dagoen herriko plazan, berriz, 37. sagardo dastatzea egingo dute aurten. Gipuzkoa osotik etorriko diren 28 sagardo-etxek euren sagardoa eramango dute eta probatzeko banatuko dute. Arratsaldean, berriz, herri kirolek hartuko dute plaza; herriko gaztetxoen arteko probak egingo dituzte, 17:00etan, eta profesionalen erakustaldia ondoren.

Bazkarirako txartelak, agortuta

Kiroldegian egin ohi den Herri Eguneko herri bazkariak estimu handia izaten du, eta aurten ere beteko da kantxa berdeko jangela handia. 700 txartel atera zituzten, eta berehala agortu ziren; 602 asteburuan, tabernetan, eta gainerakoak kultura etxean, 40 minutuan. Txosna batzordeak antolatuta, bestalde, Zuk ekarri, zuk jan bazkaria egingo da Antixena gaztetxean.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak