65. edizioa izan du gaur Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketak, eta duela bi urte aurrenekoz parte hartu zuen Juli Bayot –Valentziako erkidegoko txapelduna– castelloarrak irabazi du txapela. "Eguraldi fresko samarra egitea" lagungarria izan da Bayoten txakur Tuca-rentzat, artzainak adierazi duenez, eta hortaz, hark ere "lasaitasunez" hartu ditu txapelketako proba guztiak.
Txapelketari dagokionez, castelloarrak adierazi du "berezia" eta era berean "zail samarra" dela, txakurrarekiko distantzia oso handia delako. Gainera, txapelketan urtero egoten den "maila altua" nabarmendu du, eta horrek are gehiago pozten du artzaina: "Ez nuen espero txapelketa irabaztea; izan ere, Espainiako beste hainbat tokitako txapeldunak elkartzen gara. Oso maila altua dago, eta asko pozten nau irabazi izanak".
Honako hau da 65. Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketako sailkapena:
- Juli Bayot eta Tuca: 494 puntu.
- Moises Tarres eta Mel: 488 puntu.
- Karlos Ardanza eta Mendi: 479 puntu.
- Fidel Alonso eta Lis: 449 puntu.
- Jean Paul Iriken eta Orai: 228 puntu.
- Marcos Aspizua eta Negu: 224 puntu.
- Antton Aranburu eta Tess: 204 puntu.
- Aitor Tato eta Fidel: 189 puntu.
- Miquel Adrover eta Bosquet: 173 puntu.
- Victor Garcia eta Taff: 171 puntu.
- Jabier Zubiaurre eta Mendi: 124 puntu.
- Jesus Razkin eta Mendi: 85 puntu.
Jose Mari Ustarrozi omenaldia
Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketen Antolatzaileen Elkartearen bultzatzaile eta kide izan den Jose Mari Ustarroz uhartearakildarra gogoan izan dute Oñatiko txapelketan. Maiatzean hil zen Ustarroz, eta "herrigintzarekin, artzaintzarekin eta bertako arrazak bultzatzearekin" zuen konpromisoa nabarmendu dute. "Ardirik gabeko artzaina" zela zioen Ustarrozek, eta, hori dela eta, ardiak eta txakurra irudikatzen dituen oroigarri bat eman diote haren alabei.