Oñatiko Jaiak 2025

Bertsozaleek harrera beroa egin diote Santa Ana antzokiari

Gontzal Belategi Zubia 2025ko ira. 20a, 16:48

Txinparta bertso eskolak antolatuta Urko Arregi, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Aroa Arrizubieta, Alaia Martin eta Aitor Mendiluzek bertso saioa egin zuten atzo, egubakoitza, Santa Ana antzokian. Bertsozaleek ez zuten hutsik egin eta herritar ugari bertaratu ziren saioa ikustera. Bideoan, sei bertsolarien hasierako agurra.

Ohituraz, Zubikoa kiroldegian egin izan da Oñatiko jaien bueltan Txinparta bertso eskolak antolatzen duen bertso saioa. Hala ere, aurten, Santa Ana antzokian egin dute saioa estreinakoz. Leku aldaketak ez ditu kikildu bertsozale oñatiarrak, eta lepo bete zen antzokia Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Aroa Arrizubieta eta Urko Arregi oñatiarra ikusteko.

 

Umorezko gaiak nagusi

Txinpartako kide den Aritz Izak gidatu zuen beste urte batez saioa. Umorezko gaiak izan ziren nagusi saio osoan zehar. Publikoaren gozamenerako. Autobus gidaria eta autobuseko mikrofonoa hartu duen guapaseroa izan ziren esaterako Ibarzabal eta Arrizubieta. Desesperaziotik kantatu zuen Ibarzabalek, egoeraz nazkatuta, Arrizubietak berriz gaupasero paperetik xaxatu zuen gidaria: "Hartzazu zuk mikroa / ta nik bolantea".

Bereziki aipagarria izan zen Arregik Martin eta Mendiluzerekin osatutako koplaldia. Bikotea ziren Arregi eta Martin, baina ohean sartzerakoan, oñatiarrak Mendiluze mugikorrari itsatsita pasatzen zuen une oro. Alaiak harreman intimoen gaia mahai gaineratu zuen, harremana "modo avionen" zegoela iragarriz. Arregik fin erantzun zion: "Lehen jartzen zintudan txunga/ zure zaratak entzunda /gaur egun erosten dudan / bakarra mobilan funda". Publikoak ezin izan zion barreari eutsi, eta normalean etenik gabe entzuten den ariketa txalo zaparrada batekin moztu zuten.

 

Oñatiko gaiak presente

Txinpartak ahalegin berezia egiten du gai orokorragoez gain herriko kontuak ere aipatzeko. Aurten ere horrela izan zen. Bihar, domeka, jokatzekoa den herriko bola-joko txapelketan izan ziren Arzallus eta Arregi. Arzallusek oñatiarraren aldeko apustua egin zuen, baina, azken honek egun txarra zuen.

 

Hala ere, herriko gaien bueltan Ibarzabal eta Mendiluzek pasa den astean egin zen mendi martxaren inguruan kantatutakoak azpimarratu daitezke. Ibarzabal mendizaleak Mendiluze lagun motela zuen ondoan, eta erritmo baxuaren eraginez atzean gelditu ziren biak. "Mendia eta martxa / ez dira zuretzat” esan zion Ibarzabalek, eta "Kostatzen ez zaizunak / meriturik ez du" erantzun Mendiluzek. Ibarzabalek komunikabide honi ere egin zion aipamena: “Goienan idatzia / gu bion eskela".

 

Umorea baino gehiago

Gai serioek ere izan zuten presentzia Santa Anan. Palestinari eta La Vueltako Bilboko etapari abestu zion Arzallusek. Protestak kriminalizatu zituztenen aurka jo zuen, baina aldi berean, etapa hura Gazak irabazi zuela esan zutenak ere kritikatu zituen, palestinarrek aspaldian ezer irabazi ez dutela gogoraraziz. Fokua Israel–Premier Tech taldearen presentziatik harago era jarri nahi izan zuen, hau babesten duten lurraldeetako taldeak ere jo puntuan jarriz, Netanyahuk laguntza asko jaso duela azpimarratuz.

 

Lilura gehien sortu zuen bertso aldia, akaso, Ibarzabalek adineko pertsona baten paperetik kantatutakoak izan zen. Kopla sorta batekin heldu zion gaiari, ezohiko erabakia bakarkako ariketa batean. Hala ere, aho zabalik utzi zituen entzuleak, adineko pertsona askok bizi duten errealitate gordinaren deskribapen zorrotzarekin. Publikoak ezin hobeto saritu zuen ariketa, arratsaldeko txalo zaparrada handienetariko batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak