Hamabi artzain txakur lehiatuko dira domekan Santa Lutzian egingo den 65. Nazioarteko Artzain Txakur txapelketan. "Txakur onenak etorriko dira, eta polita izango da euren lanean ikustea. Gainera, artzainak ere oso ezberdinak dira elkarren artean, batzuek eskolan ikasi dute txakurrarekin lana nola egin, eta desberdintasun horiek ikustea ere kuriosoa izaten da", dio antolatzaile lanetan dabilen Jose Mari Bengoak.
Artalderik gabeko artzainak
Duela 39 urte, 1986an, sartu zen Bengoa txapelketaren antolatzaile taldean, eta ordutik hona izan diren aldaketen artean artzainena izan dela bat aipatu du: "Artzain direnek berezkoa dute txakurrarekin lana egitea; eskolara doazenek, berriz, han ikasten dute hori, eta lehiaketako ariketak edo probak egiterakoan nabarmenak dira bien arteko desberdintasunak. Artzainek, esaterako, berba egiten diete txakurrei; besteek, hitzik ere ez". Horrekin batera, artalderik gabeko artzain txakurrek ere hartzen dutela parte gehitu du Bengoak: "Gipuzkoako txapelketan, esaterako, artalderik ez duen urretxuar batek hartu du parte; Mallorcako batek ere zortzi bat ardi besterik ez du. Baina gustatu egiten zaie artzain txakurraren ofizioa, eta hori oso polita da".
Sei eta sei
Parte hartuko duten artzain txakurrei dagokienez, Euskal Herriko seiak euskal artzain txakurrak izango dira, "gorriak", hemengo lurralde bakoitzean arraza horrekin lehiatzea izaten da-eta baldintza. Kanpotik datozen seiak, berriz, border collie arrazakoak. Oñatiko txapelketaren zailtasunak gainditzen saiatuko dira denak, artzainen aginduetara. "Distantzia da Oñatin egiten den txapelketaren bereizgarririk handiena. Errekaren alde batean egoten da artzaina, eta bestean ardiak eta txakurra. Horrek egiten du Oñatikoa maila handiko txapelketa izatea".
Bi proba gainditu beharko dituzte aurten ere parte-hartzaileek, eta zazpi minutu izango dituzte bakoitzean, gainditzeko. 25 bat ardiz ostatuko lau artalde eramango dituzte probetarako; Aldairenak izango dira ardiak.
Parte-hartzaileei dagokienez, berriz, iazko txapeldun Mel eta Moises Tarres kataluniarrak etorriko dira, aurtengo hango txapela ere eurek irabazi dutelako. Valentziatik, Mallorcatik eta Euskal Herritik etorritakoak izango dituzte lehiakide. Txapelketa 10:30ean hasiko da;13:30 aldera izango da sari-banaketa.