Ez da, akaso, betiko ekitaldietako bat, baina 2017an egin zen lehen aldiz berakatz-zopa lehiaketa jaietan, eta ordutik egonkortu egin den hitzordua da. Aurten ere San Migel Bixamon Egunean egingo da, irailaren 30ean, plazan, eguerdian.
Sei pertsonarendako, gutxienez
Parte hartzen duen bikote bakoitzari 20 euroko balioa duten udal bonuak emango zaizkio osagaiak erosteko; lanerako mahaiak jartzeaz Udala arduratuko da. Parte-hartzaileek, berriz, sua eta ontziteria eraman beharko dute eta, gutxienez, sei lagunendako berakatz-zopa prestatu, 13:00etarako.
Ez ditu osagai asko behar berakatz-zopak, baina horiek ondo erabiltzen jakin behar da saria irabazi gura izanez gero; epaimahaikideek probatuko eta epaituko dituzte prestatutakoak.
Sonia de la Fuente eta Josu Txintxurreta senar-emazteek irabazi zuten iazko lehiaketa. "Aurten ere badugu aurkezteko asmoa etxekook, eta joan den urteko errezetarekin egingo dugu, aldaketa txiki batekin. Duela hiru urte hirugarren sailkatu ginen, eta orduan pentsatu genuen hain txarra ere ez zela gure berakatz-zopa. Duela bi urte, errezeta aldatu genuen, eta desastre hutsa izan zen. Ea ba aurten iazko zorte bera izaten dugun", dio Txintxurretak. Etxean probak egiten hasita dago.
Bi sari egongo dira: 200 euro lehenengoak eta 100 euro bigarrenak. Gainera, parte hartzen dutenen artean herriko jatetxe batean bi pertsonarentzako afaria zozketatuko dute.
Izena emateko epea, zabalik
Lehiaketan parte hartu gura duenak izena eman dezake dagoeneko. Kultur etxean bertan, posta elektronikoz edo telefonoz egin dezake: kultura.idazkaritza@onati.eus edo 943 78 03 53. Izena emateko azken eguna irailaren 23a da. Talde bakoitzak bi pertsonaz osatuta egon beharko du. Plaza mugatuak izango dira; gehienez, hamabost bikotek hartu ahal izango dute parte. Kopuru hori gaindituz gero, zozketa egingo da izena eman duten guztien artean.