Txantxikuaren jaitsieraren aurretik, ikuskizuna egongo da aurten ere Foruen plazan. Ez da antzerkia izango, ezta zirkua ere, bien arteko nahasketa baizik. Musika ere entzungo da. 18:00etan hasiko da, hilaren 28an, eta adin guztietako herritarrendako modukoa izango da.
Diaboloarekin
Bilboko Zirkozaurre konpainiak ekoiztutako Ardatzak ikuskizuna da. Gorka Pereira eta Imanol Suso artistak agertuko dira aurrez muntatuko duten eszenografian, eta objektu bakarra izango dute esku artean; hasiera batean, behintzat: diaboloa, hain zuzen ere. "Txikienentzat, agian, ez da hain objektu ezaguna izango. Helduentzat, ordea, garai bateko jostailuak gogora ekartzeko tresna izango da, euren haurtzaroko oroitzapen polita, non pilota, zibak, puxtarriak eta txapak ere ez ziren falta", azaldu du Zirkozaurre konpainiako kide Raul Garciak.
Aldamio gainean
Garciak azaldu duenez, diabolo bat eskuetan dutela egingo dute ikuskizuna Pereirak eta Susok. "Hasieran, bakarra erabiliko dute, baina bat baino gehiago izango dituzte obra aurrera doan heinean. Koreografia sinkronizatuak dituzte prestatuta, eta jolas politak egingo dituzte. Ikusteko ere oso politak izango dira, harrigarriak", dio Garciak.
Diaboloarekin jolasean ari diren bitartean istorio bat ere kontatuko dute artistek. Hori, baina, lokuzioen bitartez kontatuko dute: "Aktoreek ez dute berbarik egingo. Aurretik egindako elkarrizketen bitartez egingo dute kontakizuna. 50 minutu irauten du ikuskizunak, eta musika ere entzungo da; alegia, bidelagun izango dute. Gainera, ikuskizunerako propio sortutako musika izango da, originala". Plazako zoru gainean jarriko dute ikuskizunerako behar duten espazioa. Aldamio bat muntatuko dute horren gainean, eta gora eta behera ibiliko dira, diaboloa eskuetatik askatu gabe. Goitik behera, behetik gora zein trabesetara, modu guztietan erabiliko dute.
Saria Umore Azokan
Joan den maiatzean estreinatu zuten Ardatzak ikuskizuna, eta Euskadiko ikuskizun onenaren saria jaso zuen Leioan egindako Umore Azokan. "Sekulakoa izan zen hura, oso pozgarria. Azken hilabeteetan egin ditugu beste kale emanaldi batzuk ere, eta orain aretorako prestatzen ari gara. Gurako genuke antzokietan eta aretoetan antzezteko moduko formatuan prestatu, herrietan erakusteko gero".