Oñatiko Jaiak 2025

Tomas Lizarazu: "Sinbolismo berezia du Oñatiko kontzertuak"

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ira. 22a, 15:00

Tomas Lizarazu Tom, Bulego taldeko abeslaria (Argazkia: MARIO LEZAUN).

Ibilbidearen hasieran Oñatiko gaztelekua izan zen Bulegok bete zuen lehen aretoa; irailaren 26an plazan joko du, azaroan Bilbon bukatuko duen amaiera-biraren barruan.

Etena egingo du Bulego taldeak datorren urtean; 2026an ez du kontzerturik egingo. Amaiera-biraren barruan, Oñatin joko du hilaren 26an –22:30ean, plazan– eta kontzertu "berezia" izango dela aurreratu du taldeko abeslari Tomas Lizarazuk (Azkoitia, 1993).

Zergatik diozu Oñatikoa kontzertu berezia izango dela?

Bira honetako kontzertu guztiak ari dira hunkigarriak izaten, agian ikusten dugulako amaiera gero eta gertuago dagoela. Oñatikoa azkenekoetakoa izango da, eta are hunkigarriago egingo du horrek. Hala ere, Oñatiri badiogu kariño berezi bat.

Zergatik kariño hori?

Gure lehen kontzertuak Oñatin eman genituelako. Pandemia garaian, gaztelekuan jo genuen. Orduan bi ekitaldi jarraian egin genituen egun berean, egoerak nolabaiteko neurriak eta murrizketak eskatzen zituelako. Gogoan dut emanaldi bat egin genuela hainbat pertsonaren aurrean eta bukatu zenean haiek atera beste batzuk sartu eta beste kontzertu bat egin genuela. Hura izan zen lehen aldia aretoa betetzen genuela. Bizi-bizi gogoratzen ditugu kontzertu haiek, eta oso gogotsu gaude berriro Oñatira bueltatzeko. Berezia da guretako herri hori.

Gaztelekuan hasieran eta plazan amaieran.

Hori da. Oñatiko emanaldiak badu nolabaiteko sinbolismoa ere. Gure hasierako kontzertuak han izan ziren, barruan eta jende kopuru murriztuarekin. Orain, aro baten amaieran, berriz Oñatira bueltatuko gara, plazara, eta jende kopuru handi baten aurrera. Gogotsu gaude itzultzeko eta dena emateko.

Jende asko erakarri duzue, ikusten da hori kontzertuetan; kanpoan ere jo duzue... Etenaldia egiteko momentu ona da?

Pena ematen digu. Bost urte igaro eta gero ikusten dugu jarraitzaileak gori-gorian daudela, kontzertuak oso ondo ari dira irteten, bost urteren ostean errepertorio ona daukagu... Baina uste dugu zentzuzkoena dela.

Nolakoak izan dira hasieratik gaur arteko bost urte hauek?

Frenetikoak. Bizi izan dugu denetarik: nazioarteko birak egin ditugu –AEB, Japonia, Belgika, Paris...–, kaleratu ditugu diskoak, egin ditugu dokumentalak... Eta sortzeko geldituko gara. Azken sorkuntzak politak dira, baina ikusi dugu ez dugula kalitatezko denborarik izan benetan gure potentzial osoa erabiltzeko sormenerako, eta probatu egin gura genuen. Gelditu, perspektiba hartu eta gure helburua da sorkuntzara urtebete bideratzea. Helburua da inoiz baino indartsuago bueltatzea.

Hasi ere sormenetik hasi zinetela adierazi izan duzu beti.

Bai, hori da. Eta oraingo helburua ere ez da atseden hartzea. Hori ere ondo etorriko zaigu, baina helburua da sortzea, jakin barik zer sortuko dugun, zer forma hartuko duen.

Azken lanak 'Aldatu aurretik' du izena; datorrenaren iragarpena dela esan daiteke?

Ikusiko dugu. Uste dut sorkuntzari utzi behar zaiola etortzen den moduan garatzen. Egia da diskoa atera genuenean aurreikusten genuela horrelako bolada bat etor zitekeela, baina funtsa ez zen etenaldia, ez. Aita izan aurreko faseak biltzen dituen disko kontzeptuala da.

Mugatua izango da egingo duzuen etenaldia? Zer etorriko da gero?

2026an ez dugu kontzerturik egingo. Hori horrela izango da. Sortze-prozesuan sartuko gara eta, horrek zer emango duen ezin esan orain. Etenaldiak ez du esan gura disko berri batekin bueltatuko garenik, ez dakigu zer aterako den.

Oñatitik Londresera zoazte, eta Bartzelonara eta Madrilera gero; lau kontzertu zortzi egunetan.

Aste intentsua izango da, bai. Zea Mays-ekin batera joango gara Londresera hurrengo egunean, eta egun gutxira egingo ditugu beste biak. Gure filosofia bada hasieratik proiektuen mugak kanpotik etor daitezela ikustea; guk bilatuko ditugu mugak, ea non dauden, eta saiatuko gara ahalik eta urrunen heltzen eta ahalik eta jende gehienarekin konektatzen gure musikarekin. Nahi genuen aro amaierako uda osteko kontzertuetako bat kanpoan izatea, orain ere presente izatea talde bat garela, apustua egiten duena euskaraz abestuta beste lurralde batzuetan atea jotzeko. Eta horregatik goaz Londresera. Gustura egingo dugu hori ere.

Beti euskaraz.

Guk proiektuarekin gauza asko ikasi ditugu, baina garrantzitsuenetakoa da euskarak ateak irekitzeko duen gaitasunaz konturatzea. Pop musika estiloa da gurea, eta hasieran, hain estilo unibertsala izanda, entzun genuen ea ondo pentsatu genuen euskaraz aritzea. Uste dut euskaldunok aldatu behar dugun txipa dela hori, horretan ari garen arren. Euskara ateak irekitzen digun hizkuntza da, gure bereizgarria da eta aro globalizatu eta homogeneo honetan oso zaila da bereizgarri bat izatea. Musika bada hizkuntzarik ulertzen ez duen lengoaia bat, jendeak konektatzen du, ikusten dugu jendea dantzan AEBetan euskarazko kantuak entzuten. Hori bizi izan dugu, eta ederra da.

Nola ikusten duzu egungo euskal musikaren panorama?

Musikazale paperetik, aro oso eder bat bizitzen ari garela uste dut. Nolabaiteko iraultza kulturala ari gara bizitzen musikari dagokionez, ezohikoa. Kolpetik pasa gara panorama mugatua izatetik, hiru estilo nahiko markatutan sartuta, izugarrizko musika aniztasuna eta proiektu pila izatera. Asko gustatzen ari zait hau. Musika aldetik dugun aniztasuna ikaragarria da; adibidez, folka entzun dezakegu Nogen taldearekin, elektronika Merina Gris edo Zetak taldeekin, Ezpalak rock potentea egiten... Aniztasun musikal handia dago egun euskaraz, eta ondo egindakoa, gainera.

Eta makrokontzertuen fenomenoa?

Fenomeno berria da. Nik gozatzen ditut, joan izan naiz ikustera eta oso ondo pasa dut. Baina, era berean, gustatzen zait asko Mataderira joatea kontzertuak ikustera, baita gune autogestionatu eta txikietan egiten dituztenak ere. Uste dut ari dela sortzen bizikidetza bat.

Egon zarete dagoeneko Euskalduna jauregian azken kontzertuak irudikatzeko?

Bai. Bisita tekniko bat egin dugu, eta tokia izugarria da. Azken kontzertuak dira eta oso ederrak izango direla uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak