Irailaren 29an da San Migel eguna, eta bezperan hasiko dira ofizialki, txantxikuaren jaitsierarekin, Oñatiko herriko jai nagusiei eta Errosarixo ama birjinaren omenez borobiltzen dituzte jaiegunak, herritar kopuru handia mozorrotuta. Egutegiak bi asteburutan banatu ditu aurtengo ospakizun nagusiak, baina hirugarren asteburu bat ere gehitu diete, gaur hasi eta domeka bitartean izango diren ekitaldi mordoarekin.
Bertsoak, Santa Ana antzokian
Txinparta Bertso Eskolak Herri Egun bezperan antolatu izan du jaietako bertso-saioa, baina data aurreratu egin dute aurten, eta gaur, egubakoitza, egingo dute, 19:30ean hasita, tokia ere aldatuta: Zubikoa frontoian beharrean, Santa Ana antzokian. Sarrerak aurrez salgai izan dira Txokolateixan eta Oñati.eus atarian, eta, denak agortu ezean, leihatilan ere eskuragarri izango dira, hamar eurotan.
Kartel polita osatu dute aurten ere: eskolako kide Urko Arregiz gainera, Amets Arzallus, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Aroa Arrizubieta eta Nerea Ibarzabal izango dira bertsotan, Aritz Izak proposatutako gaiekin. "Gogotsu nago bertso-saiorako, ea saioan zelan nagoen eta nerbioek ez didaten kalterik egiten. Bertso eskolan eta herriko beste plaza batzuetan bagabiltza lagun artean, eta bertan egiten duguna egitea lortzen badut, gustura geratuko naiz", azaldu du Urko Arregik, eta zera gaineratu: "Beste bertsolariez ez dago ezer askorik esan beharrik, nahikoa demostratzen dute-eta zenbateraino egiteko kapaz diren Euskal Herriko edozein plazatan! Saio potentea dela esango nuke. Amets eta Aitor gaztetxotatik ikusi izan ditugu Euskal Herriko finaletan, eta beti eman izan dute maila ikaragarria. Alaia eta Nerea ere azkenengo final handi hartan egon ziren, eta, horretaz gain, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapeldunak ere badira, eta Aroa Arabako txapelduna da! Eta horri bakoitzak beretik jarri dezakeena gehituta, bada, esango nuke saio oso konpletoa dela!".
Haur eta gaztetxoen eguna
Herritar guztientzako eta kanpotik etorriko direnentzako ere ekitaldiak izango dira bihar, zapatua, baina haurrak eta gazteak izango dira bereziki protagonista, egunean zehar antolatutako askotariko ekitaldietan.
Azkeneko urteetan moduan, aurten ere herriko jaioberriei ongietorria egingo diete, Atsolorra izeneko ekitaldia izango da eta, udaletxeko batzar areto nagusian, 11:00etan hasita. "Ekitaldi benetan polita eta hunkigarria izaten da guretzako", azaldu du Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek, eta zera gaineratu: "Familiek ere oso estimuan izaten dute. Aurten 90 ume inguru izango dira; iazko Atsolorretik hasita aurtengo Atsolorrera bitartean jaiotakoak gonbidatzen ditugu. Astean bertan nire lagun batzuk guraso izan dira, eta ikusi egin beharko da etortzera animatzen diren; iaz edo orain dela bi urte, pare bat egun lehenago jaiotako haurrarekin etorri ziren guraso batzuk, eta ederra izan zen! Zapi bana oparitzen diegu haurrei. Aretoa ez da horren handia, eta, horregatik, haur bakoitzarekin gehienez bi laguntzaile etortzeko gomendatzen dugu. Oñatiko musika eskolakoek girotuko dute ekitaldia, ukitu berezi eta goxoa emateko".
Erraldoiak, kaleetan dantzan
Kanpantxo Kultura Alkartiak antolatuta, Erraldoien Konpartsak hartuko du lekukoa kalean. Oñatiko konpartsa, Konpartsa Txikia, Sebastian erraldoia eta Atzeko kaleko konpartsa dira herriko ordezkariak, eta, horiez gainera, Villabonako Besamotza eta Tafallako Asier Marco konpartsa taldeetakoak ere izango dira, Arrasateko dultzaina-joleek lagunduta. Kanpantxotik abiatuko dira, 11:30ean, eta Sancti Spiritus Unibertsitate parean, Etxaluze (Agerrena) etxearen aurrealdean eta Foruen plazan egingo dituzte dantzaldi nagusiak. Eguna borobiltzeko, haurren danborrada izango da, 18:00etan hasita, Oñatiko Musika Bandak lagunduta.
Ohiko ekitaldiak, domekan
Urteetako ohiturari eutsiz, dagoeneko klasiko bihurtu diren ekitaldiak ez dira faltako; horien artean, aurten 65. aldiz egingo duten Nazioarteko Artzain Txakurren Trebetasun Lehiaketa, oraindik ere herritar eta kanpoko zale asko, domeka goizean, Santa Lutziako zelaien bueltan batzen dituen estimu handiko ekitaldia.
Parte hartzaile eta ikusle asko batzen dituzten aire libreko margo lehiaketa eta bola-joko txapelketa ere etzi izango dira. Goizean zehar kale, auzo eta bestelako txokoetan ibiliko dira haur, gazte eta margolari helduak, pintzelari eta bestelako margo-tresnei zukua ateratzen, eta 14:00etan banatuko dituzte sariak, kultura etxean. Lehiaketan aurkeztutako lanak irailaren 22tik urriaren 10era izango dira kultura etxean ikusgai.
Kurtzebaltz elkarteak antolatuta izango da, berriz, bolo txapelketa, 15:30ean hasita, San Martingo zuhaiztian. "Urte asko daroagu txapelketa hori antolatzen. Giro oso polita egoten da, saltsa ederra sortzen da parte hartzaileen eta ikusleen artean. 100 lagunek baino gehiagok parte hartzen dute. Bi joko proposatzen ditugu, eta edozeinek har dezake parte. Egunean eman behar da izena, 15:00etan, hamar euro ordainduta. Herriko komertzioen laguntzarekin, ia guztientzako sariak ditugu", kontatu du elkarteko kide Xabi Elgerok.