Oñatiko Jaiak 2025

108 kintok egingo dute dantza danbor hotsekin

Julen Murua Mesonero 2025ko ira. 19a, 13:00

2007. urtean jaiotako kintoak, iazko danborradan.

Urtero legez, hilaren 28an 22:30ean abiatuko da nagusien danborrada, eta, danbor-joleez gain, 2008. urtean jaiotako 108 kinto irtengo dira dantza egitera. Haurren danborrada, berriz, bihar izango da, 18:00etan hasita.

Herriko kaleak jendez beteta egongo dira, beste urte batez, San Migel bezpera gauean; izan ere, danbor hotsak izango dira nagusi, 22:30ean hasi eta 00:00etan San Migel martxa jo bitartean. 300 pertsona inguru irtengo dira aurten ere herriko kaleak girotzera; iazko pertsona kopuru berbera. Joan den urtean bi konpartsa berri batu ziren danborradara, eta aurten ere jarraipena emango diote kopuru horri. Hala, honako konpartsa hauek parte hartuko dute aurtengo danborradan: Baserritarrak, Txalekodunak, Kantinerak, Sukaldarixak, Barrilleroak eta Danborreroak. Ibilbidea iazko berbera izango da.

Urtebete inguru igaro eta gero, itzuli dira dagoeneko entseguetara. Irailaren 28a aurretik bi gehiago egingo dituzte, datorren astean; astelehenean azken-aurrekoa eta eguaztenean entsegu orokorra.

Kintoak dantzan

Danbor-joleak ez ezik, badaude denbora honetan entseatzen ibili direnak ere; hain zuzen ere, kintoak. Danborra jotzen ez, baina, baserritar jantziekin, danbor hotsekin eta musikarekin dantza egitera irtengo dira aurten ere. Urtetik urtera egonkor mantentzen den kopurua da: 2022an, pandemia zela-eta danborradan irten ez ziren kintoak –2003an eta 2004an jaiotakoak– batu zitzaizkien 2005. urtean jaiotakoei, eta guztira 220 izan ziren. Duela bi urte, 2006an jaiotako 118 kinto irten ziren dantza egitera; iaz, 102 izan ziren, eta aurten, 2008. urtean jaiotako 108 neska-mutilek egingo dute dantza herriko kaleetan.

Haurrena, bihar

San Migel bezpera aurretik ere egongo da danbor hotsak entzuteko aukera; izan ere, bihar, hilak 20, haurren danborrada egingo dute. 18:00etan irtengo dira, Bidaurretatik, eta 150 haur inguru ibiliko dira herriko kaleetan. Eguraldi txarra bada, Zubikoako frontoian egingo da danborrada. Parte hartzaile kopuruari dagokionez, antolatzaileek diote "egonkor" mantentzen jarraitzen duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak