Oñatiko Jaiak 2025

Jaietako kirol izarra pilota da

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 19a, 08:00

San Migel pilota txapelketako partidu bat, iaz, Zubikoa kiroldegian.

Jaietako kirol hitzordu nagusiak pilotari eta eskubaloiari lotutakoak izango dira; gaur, egubakoitza, esaterako, Master Laboral Kutxa txapelketa jokatuko dute, eskuz binaka.

Master Laboral Kutxa Txapelketa, Herriko Pilota Txapelketa, San Migel eskubaloi txapelketa eta San Migel pilota txapelketa. Horiek izango dira jaietako kirol hitzordu nagusiak.

Gaur, egubakoitza, 18:00etan hasiko dituzte udako eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketako finalerdiak. Edozelan ere, lehen partidua lagunartekoa izango da, eta Itsasne Lizarralde oñatiarrak, Izaro Sistiaga bikotekide duela, Maria Balerdiren eta Itxaso Iparragirreren aurka jokatuko du. Ondoren, finalerdien txanda izango da, eta Madalen Etxegarai oñatiarrak eta Andrea Capellanek Lide Lopez eta Enara Gaminde izango dituzte aurkari lehen partiduan. Bigarrenean, Amaia Aldai eta Irati Betegi aretxabaletarra ariko dira, Goiuri Zabaletaren eta Nahia Bertizen aurka.

San Migel txapelketan 32 pilotari

Bestalde, San Migel pilota txapelketa jokoan da, eta azken kanporaketak geratzen dira. Aste honetan jokatu dituzte falta ziren bi final-laurdenak, gazte mailan zein nagusietan. Datorren astean, irailaren 24an eta 25ean jokatuko dituzte lau finalerdiak eta urriaren 5ean izango dira finalak, 17:00etan, Zubikoa kiroldegiko pilotalekuan.

Aurtengo txapelketan Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Errioxako 32 pilotarik hartu dute parte, gazte mailan eta nagusietan, eta Debagoieneko hainbat pilotari izan dira tartean: batetik, Iñigo Erle oñatiarra atzo zen final-laurdenetako partida jokatzekoa; bestetik, Aratz Ormaetxea bergararra finalerdietan izango da eta haren herrikide Ander Etxanizek final-laurdenetan galduta esan dio agur txapelketari, Manex Balerdi antzuolarra bikotekide izan duela. Aloña Mendiko Pilota Saileko kide Ander Biainek nabarmendu duenez, orain arteko partiduak ez dira maila onekoak izan, "bakarren bat" izan ezik. "Ikusle kopuruari dagokionez, aurreko urteetan lehen astean egon izan diren kopuruak eduki ditugu. Normalean, txapelketak aurrera egin ahala, ikusle kopurua hazten joan ohi da", gaineratu du.

Herrikoa, azken txanpan

Herriko Pilota Txapelketa ere ari da azkenera iristen. Ekainean abiatu zuten txapelketa eta uztailera arte aritu ziren kanporaketak jokatzen –50 bat partidu izan ziren guztira–. Gizonezkoetan hogeita bi bikote aritu dira lehian, bost multzotan banatuta; eta emakumezkoetan, aldiz, lau bikotek hartu dute parte.

Irailean, gizonezkoen txapelketako hamasei bikote onenek kanporaketa zuzenak jokatu dituzte, eta finalaurrekoetako bat, behintzat, zehaztuta dago jada –Larrea anaiak Gartziaren eta Urrutiaren aurka–. Emakumezkoetan, berriz, finala erabakita dago jada; hala, Ugartek eta Aizpuruak Zumalde eta Mugarza izango dituzte aurkari.

Irailaren 27an jokatuko dituzte finalak, plazako pilotalekuan, 17:00etan hasita –euria eginez gero, kiroldegian–. Berritasun bat da, partiduak "luze" joaten direla eta, antolatzaileek "arau aldaketa txikiren bat" egingo dutela. Aurten barrakarik ez da egongo, eta, beraz, leku gehiago izango da pilotaz gozatzeko. "Alde horretatik, oñatiar guztiei dei egiten diegu frontoira etor daitezen", azaldu du antolakuntza taldeko Oier Fernandezek. Gainera, artekariak jarriko dituzte, baita edariak saltzeko barra bat ere, ikusleendako. Halaber, saski bat zozkatuko dute, Boga tabernaren, Sillero dendaren eta Murgialdai txakolindegiaren laguntzarekin.

Emakumezkoen finala jokatuko dute lehenengo eta gizonezkoena ostean. Azkenik, profesional mailan aritu izan diren pilotariak ikusteko aukera egongo da: Mikel Ugarte oñatiarrak Ladis Galartzarekin osatuko du bikotea eta Aitor Mendizabal antzuolarra Iñigo Erle oñatiarrarekin ariko da.

Bihar, eskubaloia Zubikoan

Construcciones Ugarte Aloña Mendiko jokalari bat, jaurtiketa batean.

Aloña Mendiko Eskubaloi Sailak, urteroko ohiturari jarraituz, San Migel eskubaloi txapelketa antolatu du aurten ere. Senior mailako bi taldeak herritarrei aurkezteko baliatu ohi dute txapelketa hori, eta gauza bera egingo dute aurten. "Modu horretan, jaiei gure ekarpena egiten diegula uste dugu, jaietan ere kirolaz gozatu dezaten herritarrek", azaldu du Iñaki Mendarozketak, saileko presidenteak. Bihar, zapatua, jokatuko dituzte partiduak, Zubikoan. Gizonezkoen taldeak, Fagor Profesional Aloña Mendik, Arrasate Eskubaloiren aurka jokatuko du, 16:00etan; ostean, emakumezkoen taldea, Construcciones Ugarte Aloña Mendi, Tolosaren aurka ariko da.

Erronka ezberdinak dituzte

Emakumezkoen taldea Euskal Ligara itzuli da, eta "erronka zaila" izango da, Mendarozketaren esanetan. "Halere, oso motibatuta ikusten ditut. Denboraldiaurreko lehen partidua izango da biharkoa, eta liga hasierara maila onean iritsiko direla uste dut". Entrenatzaile berria izango dute: Pablo Garcia, hain zuzen. "Elkar ezagutzen ari dira oraindik, eta entrenatzeko eta jokatzeko modu berriak lantzen ari dira", adierazi du.

Gizonezkoen taldea, berriz, "oso gaztea" da, iaz beterano batzuek utzi egin baitzuten. "Edozelan ere, denboraldiaurreko partiduetan oso maila ona eman dute", azaldu du presidenteak. Entrenatzaile lanetan Xabi Guridik jarraituko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak