Irailaren 10ean, eguaztena, hasiko da 42. San Migel pilota txapelketa. Berrikuntzekin etorriko da gainera, Federazioaren eskakizun bati erantzunaz, partidak eguazten eta eguenetan izango dira eta lehenengo aldiz. Egun bakoitzean bi partida ikusteko aukera izango da, gazte mailako eta nagusien mailako partidu bana. Zubikoa kiroldegian izango dira, 19:00etan hasita.
Bi mailen artean 32 pilotari izango dira guztira eta hauetako lau dira debagoiendarrak: Iñigo Erle oñatiarra, Aratz Ormaetxea bergararra, Ander Etxaniz bergararra eta Manex Balerdi antzuolarra. Azken biek bikotea osatuko dute, eta nagusien mailako estreinako partidan lehiatuko dira, irailaren 10ean, Galartza-Sotil bikotearen aurka. Egun berean, gazte mailan, Nabazal-Moto bikotea Salaberria-Salaberria bikotearen aurka lehiatuko da.
Ormaetxeak Izagirrerekin osatuko du bikotea, eta Paraguayo-Okiñena bikotearen aurka neurtuko da irailaren 11n. Erlek berriz, Rekalde izango du lagun, eta irailaren 18an jokatuko du, Ramirez-Bernaola bikotearen aurka.
16 bikoteek final laurdenetan lehiatu ostean, final erdiak jokatuko dira. Hauek ere eguazten eta eguenean jokatuko dira -irailaren 24 eta 25ean-. Finala berriz urriaren 5ean, Errosarixo egunean, jokatuko da, 17:00etan hasita.