Paul Urkijoren 'Gaua' filmaren grabaketarekin hasiko du ikasturtea Ganbara Faktoriak

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ira. 4a, 17:40

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

Ganbara Faktoriako taldeek prest dute ikasturte berriko programa. Taldeak betikoak dira eta kantatzea gura duen edonor batu daitekeela esan gura diete herritarrei, ume zein helduak. Irailaren 15ean hasiko dute kurtso berria. Matrikulazioa zabalik dago.

Paul Urkijoren 'Gaua' filmaren grabaketan hartuko du parte zapatuan, hilak 6, Ganbara abesbatzak. Gabonetako emanaldia, bazkideendako kontzertua, lehiaketa eta musika ziklo ezberdinetan parte hartzea zein Barbantxoren ipuinaren estreinaldia ditu, besteak beste, jasota ikasturte berriko programan. Eta Ganbarak bezalatxe, bakoitzak kurtso berrirako egitarau propioa egin dute Ganbara Faktoriako gainerako taldeek, hala nola kantu eskolak, Aequus Esembel orkestak eta Hots abesbatzak. Azken horrek, gainera, Varnako –Bulgaria– nazioarteko abesbatzen lehiaketan hartuko du parte irailaren erdian eta han abestuko dituen piezak eskainiko ditu domekan, 18:30ean, Santa Anan. Faktoriako talde ezerberdinek elkarrekin egingo dituzten emanaldiak ere izango dira ikasturte berrian. Irailaren 15ean hasiko dira, eta matrikulazioa zabalik dago oraindik.

Bestalde, aurrera jarraituko dute proiektu sozialarekin. San Martin egoitzan, esaterako, kantuan egitera joango dira Gabonetan, bertako aste kulturalean ere hartuko dute parte eta horrez gain, euskal kantez osatutako tailer parte-hartzaile bat antolatuko du Ganbara Faktoriak, non, egoiliarrek ezagutzen dituzten betiko kantak aukeratuko dituzten. Etxeko abesbatzak ere izango du jarraipena.

Ganbara Faktoriaren lagunak eta bazkideak

Lagunak eta bazkideak, biak ditu Ganbara Faktoriak eta eskerrak eman gura dizkiete euren laguntzarekin batera egin  dituztelako emanaldiak, lorpenak eta bidaiak. Diote Ganbara Faktoria hazten doan proiektua dela, bertako taldeek egitasmo berriak dituztela eskuartean, eta erronka horiei behar bezala erantzuteko gure bidelagun izateko era ezberdinak eskaini nahi dizkietela herritarrei. Hauek dira lagun edo bazkide izatearen abantailak: –laguna 15 euro, bazkidea 50 euro–.

Lagun edo bazkide izateak dituen abantailak:

  • Ganbara Faktoriako edozein talde ezkontza baterako edo ekitaldi pribatu baterako kontratatzerakoan % 20ko beherapena izango du.
  • Ganbara Faktoriak urtero egingo duen bazkideentzako kontzerturako sarrerak jasoko ditu doan (LAGUNak bat eta BAZKIDEak bi)
  • Ganbara Faktoriak urtero Gabonetan antolatzen duen zozketan parte hartuko du.
  • Ekarpena 50 eurokoa baino handiagoa bada, abantaila bereziak eskainiko dizkiete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak