Olakuako urmaelak ez du gehiago urik izango

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko uzt. 23a, 11:32

Langilea urmaela garbitzen martitzen goizean.

Ura hodien bitartez bideratuko dute, azpitik, eta bi putzuen lurra hormigoiz beteko dute. Horren gainean anfiteatro itxurako harmailak egokituko dituzte eta putzuen gunetik kirol kantxara joateko bidea irisgarria izango da.

Itxuraberritu egingo dute Olakua auzoan orain arte egon den urmaelaren gunea. Hemendik aurrera parke bat izango da, urik gabeko aisialdi espazio bat. Aste honetan hasi dituzte lanak eta irailean bukatuko dituzte.

Alboetako guneekin lotuta

Izarraizpe Paisajistak enpresak egin zuen proiektua eta Egurki ari da orain lanak egiten. Urmaela urez hustu dute, Bidaurretaraino doan ur kanala lurperatu egingo dute, bi putzuak aisialdi espazio bihurtuko dituzte eta irisgarria izango den pasabidea egokituko dute ondoko kirol kantxaraino. "Ura egon den bi putzuetan egingo diren harmailak harrizkoak izango dira eta egoteko eta jolasteko elementuak izango dira. Espazio hori lotuta egongo da gero ondoko kirol gunerekin, baina errepidez beste aldean ere badago jolas gune bat, ziburuekin, eta bi guneen arteko komunikazioa erraztea ere gura da lan hauekin", dio hirigintza batzordeburu Iñigo Ruiz Barronek.

Aste honetan hasi dituzte lanak eta irailean bukatuko dituzte; 1.325 metro koadro da eremua

Landaketa berriak

Putzuetako harmailak eta irisgarritasun lanak ez ezik, landaretza aldetik ere egingo dira aldaketak Olakua auzoko autobus geltoki osteko espazio horretan. Ruizen esanetan, tamaina txikiko eta ertaineko zuhaixkak landatuko dituzte, "Itzala eta freskura, biak eman ditzaten". Lan horiek, baina, aurrerago egingo dituztela gaineratu du Ruizek: "udazkena da landatzeko sasoia eta orduan egingo dituzte zuhaixka berrien landaketak". Ondoko belardietan ere egingo dituzte.

Zubia mantenduko da

Azken urteetan putzuaren eta inguruaren egoerak "txarrera" egin zuela ikusita, irtenbide bat eman beharra aipatu izan dute auzotarrek ere eta eurekin batera eman zion hasiera proiektuari udalak. Duela bi agintaldi egindako proiektu bat berreskuratu, oinarri moduan hartu eta eurekin -San Andres kooperatibako ordezkaritza batekin- partekatu zuen Udalak. Proiektu hark ura barnebiltzen zuen baina, hainbatetan "arazo iturri" zela kontuan izanik, erabaki zuten putzua desagerrarazi eta eremu berdea zabaltzea eta aprobetxatzea. Zubia, aldiz, mantentzeko eskatu zuten auzotarrek, eta horrela egingo dute.

100.000 euroko diru partida zuten gordeta aurrekontuetan lan hauek egiteko eta Egurkik eskuratu du kontratua, 80.089 eurotan. Lehen hiru astetan egingo dituzte lan handienak eta abuztuan eten bat izango dute obrek irailean jarraitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak