Bost urteren ondoren, etxera itzuliko da Esteban Urzelai (Oñati, 1979). Madrilen Espainiako Koru Nazionaleko zuzendariordea izan da 2020tik, eta Madrilgo Euskal Etxeko Orfeoiko zuzendari ere bai, baina irailean haren etapa profesionalean bide berria hasiko du, ABAO Bilboko Opera Koruko zuzendari.
Nola iritsi zitzaizun aukera berria?
Kasualitatez, esango nuke. Ekain bukaeran, Madrilen nire hango zereginak bukatu nituen eta Euskal Herrira itzuli baino lehentxeago lan-eskaintza bat irten zen: Bilboko Operako Koruak zuzendari aldaketa zeukala eta zuzendari bila zebilela. Madrilen oso gustura nengoen, baina denbora bat neraman Euskal Herrira bueltatzeko gogoarekin, eta, neure burua aurkeztu eta aukeraketa-prozesu baten ondoren, ni izan naiz horretarako aukeratua.
Nolakoak izan dira Madrilen egin dituzun bost urteak?
Oso aberasgarriak. Lehen aldia izan da koru profesional batekin lanean egon naizena, egunero entseatzen duen koru batekin –Espainian oso gutxi daude, bospasei izango dira–, eta egiten genuen errepertorioa, lantzen genituen obrak, lan egiten genuen zuzendariak... oso aberasgarriak izan dira niretako. Eta egunero Espainia mailan tenplu bat den Auditorio Nazionalera lanera joatea luxu zoragarria izan da.
Gogoz zatoz Bilboko Opera Korura?
Bai, oso emozionatuta eta ilusionatuta nago proiektu honekin. Dena oso bat-batekoa izan da. Ni Madrilen, bai Koru Nazionalean eta baita Euskal Etxeko Orfeoian ere, irailera arte agurtu nintzen, eta, gainera, Euskal Etxeko Orfeoiaren kasuan, irailerako etxeko lanak jarrita eta guzti, eta bi astean dena aldatu da, eta horrek dakarren bizitza aldaketarekin; Madrilera bueltatu beharrean, irailean ez naiz itzuliko eta Bilbon hasiko naiz lanean. Plan eta bizitza aldaketa hori guztia kudeatzen nabil orain, baina gogotsu.
Bizitokia ere aldatuko duzu.
Donostian daukat etxea, eta asmoa da bertan bizitzea; ia egunero Bilbora joatea tokatuko zait, baina pozik nago.
Oviedoko operan ibili zinen, zuzendari; beraz, baduzu esperientzia opera munduan ere.
Operako koruak orfeoian nagoenetik sarritan kantatu izan ditugu, baita opera osoak ere, Ottelo bat egin genuen, baita Fidelio ere... Baina benetan operan murgilduta egon nintzen esperientzia Oviedon izan zen, justu pandemia garaian; 2020ko uztailetik 2021eko otsailera egon nintzen eta bost produkzio oso egin genituen. Gainera, koru zuzendari izateaz aparte, orkestraren zuzendari laguntzaile ere ibili nintzen; beraz, lan pila bat egitea tokatu zitzaidan, baina oso esperientzia aberasgarria izan zen Oviedokoa.
30 urtez zuzendari izan den Boris Dujinen testigua hartuko duzu orain.
Aldaketa ekarriko du, baina saiatuko naiz koruarendako ahalik eta aldaketa bigunena eta positiboena izan dadin.
Suhar ahots grabeen abesbatzaren zuzendaritzarekin jarraituko duzu?
Bai; gainera, suposatzen da errazagoa izango dela, lehen eurekin entseatu behar nuen asteburuetan autoa hartu eta Donostiara joan behar izaten bainuen.
Nola ikusten duzu Oñatiko harrobia?
Oñatiren kasua, Aitor Biainen zuzendaritzapean, eredu bat dela uste dut; eta ez Euskal Herrian bakarrik, baizik eta Espainia mailan. Jakin dute denbora berrietara egokitzen eta pandemiak eman duen kolpea jasaten... Ganbara, Ganbara Txiki, Hots... Azkenean, Ganbara Faktoria osatzen duten talde guztiek erakusten dute egunetik egunera maila zoragarria dutela eta, gertatzen dena gertatzen dela ere, eurek aurrera egiten jarraitzen dutela.