Udal Gobernuak "gardentasun falta nabarmena" duela dio EAJ-k

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko uzt. 9a, 12:45

Oñatiko udalbatzan dauden sei zinegotzi jeltzaleak (Argazkia: EAJ).

Legealdi erdiko balorazioa egin du Oñatiko EAJ-k eta gehitu du "zenbait proiektuen aurrerapenak eta inbertsioak" ez dituela "egoki azaldu" Udal Gobernuak. Bi aipamen positibo ere egin dituzte: Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik lortutako diru-partidak jasotzeko egindako ahalegina eta Udal Gobernuaren "lankidetza-ahalegina" oposizioarekin bi proiektu zehatzetan.

Legealdi erdiaren balorazioa bidali du prentsa ohar bidez Oñatiko EAJk eta bi puntu nabarmentzen ditu Udal Gobernuaren kudeaketaren inguruan: "Proiektuen exekuzioa ez da behar bezala gauzatu, eta, besteak beste, etxebizitza-eskaintza eta irisgarritasunaren lanketa geldirik edo atzeratuta daude" diote batetik; bestetik, "aurrekontuen balorazioan EH Bilduk datu desegokiak" erabiltzen dituela salatu du "aurrekontuaren exekuzioa nabarmen makillatuz", eta "gardentasuna eta zintzotasuna falta" dela balorazioetan.

EAJrendako, "Udal Gobernuak argitaratutako zenbakiak euren horretan okerrak ez diren arren", euren iritziz "ez dute egindakoa modu egokian erakusten". Diote proiektuen balorazioa egiten denean, Udal Gobernuak "proiektu bakoitzaren garrantzia alde batera uzten" duela, "guztiak pisu bera balute bezala, eta, ondorioz, zenbait proiektu esanguratsu geldirik edo atzeraturik egotea ez da ikustarazten". Puntu horretan aipatu dituen proiektuak dira: HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra), etxebizitza-eskaintzaren lanketa, irisgarritasuna Kale Zaharrean eta Obispo Otaduin eta Gune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezia. Aurreko agintaldiko proiektu batzuk kontutan ez dituela hartu ere gehitu du EAJk oharrean: "2022ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan landu ziren bi proiektuak, kasu: jolas parkeetan 8-14 urteko gazteentzako elementuak jartzea (200.000 euro) eta plazako kioskoaren eta frontoiaren arteko gunea berritzea (121.000 euro)".

EH Bilduk "aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioen % 90 eginda dagoela adierazi duen arren", datu hori "desegokia" dela uste du EAJk. Emakumeen Etxea jarri du horren adibide. "Hasieran aurreikusitako zenbatekoa 600.000 eurokoa da; gehigarriekin partida horretara zuzendutako zenbatekoa 1.255.500 euroraino igo zen. Udal Gobernuak jarraitu duen irizpidearekin, exekuzio-maila % 209koa litzateke partida honetan, eta esan bezala, % 90 inbertsioen osotasunean. Aurrekontuen likidazioan jarraitzen den irizpidearekin, aldiz, inbertsioen gauzatze maila % 50ekoa da". Zenbaki horiei erreparatuta, Udal Gobernuaren balorazioari "gardentasuna eta zintzotasuna falta" zaiola dio EAJk: "Ematen diren datuak ez datoz bat aurrekontuen likidazioan erabiltzen den irizpidearekin, eta beraz, ez dira exekuzio-maila errealaren adierazgarri".

Aipamen positiboak

Bi aipamen positibo egin dituzte jeltzaleek: batetik, "Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik lortutako diru-partidak jasotzeko egindako ahalegina"; bestetik, "Udal Gobernuaren lankidetza-ahalegina oposizioarekin, bi proiektu  zehatzetan: Emakumion Etxia eta Energia komertzializatzailearen proiektuak". Gehitu du, ordea, "bi ekimen horiek salbuespenak" izan direla, eta "oro har, entzule rola (eta batzuetan hori ere ez) soilik" eman zaiola oposizioari.

Bi urte hauetan euren alderdiak egin duen lana azpimarratu gura izan du EAJ-k, era berean, prentsara bidalitako oharrean: "Batzorde eta proiektu estrategiko guztietan parte-hartze proaktiboa izanik, proposamen pluralak ekarriz eta oñatiar guztien onura bilatuz. Horren adibide dira, hainbaten artean, HAPOri egindako ekarpenak edo garraio publikoari proposatutako hobekuntzak". Dio EH Bilduk, "gobernuaren jardunean", hainbat aldiz adierazi duela "oposizioarekin elkarlanean aritzeko eta adostasunak bilatzeko konpromisoa" baina "benetako orduan, guztiz itxi dizkiola ateak" eta salatu"parte-hartzerako aukera gutxi izan duela, eta proiektuak gauzatu ostean, EHBilduren Udal Gobernuaren informazioa jasotzearekin konformatu" behar izan dela.

Lankidetzaren eta adostasunaren balioa

Gaineratu du eskaintza zintzoa egin diola Udal Gobernuari: "Oposizioak beti egin du proposamen pluralen eta parte-hartze proaktiboen alde, eta oraingoan ere lankidetza eskatzen du proiektu estrategikoetan". Uste du lankidetzak eta adostasunak balioa ematen dutela, eta horiek "funtsezkoak" direla "proiektuen gauzatzea errazteko, eta noski, herritarren egunerokotasuna hobetzeko. Hor bidelagun gara".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak