Musika eta dantza. Bi diziplina batzen dituen ikuskizuna eroango dute San Martinera. "Musikariak eta dantzariak egongo dira, baita abeslari bat ere, baina helburu eta mezu konkretu batekin sortutako proiektua da Ura gara bidean, badu sakonetik. Trikitia oinarri hartuta, nondik gatozen eta nora goazen hausnartu nahi dugu ikuskizun horrekin, tradizioa eguneratuta", proiektuaren sortzaile Iñaki Letamendik azaldu duenez.
Hiru trikitilari abiapuntuan
Tradiziotik abiatuz eta ura metafora gisa hartuta, Sakabi, Gelatxo eta Elgeta trikitilarien figurak eta euren ibilbidea gogoratu eta goraipatzea du helburu Sagel taldearen ikuskizun horrek, euren kantu eta piezetatik abiatuta eta gaurko musika moldeetara ekarrita. "Euren hiru kanta entzungo dira ikuskizunean, baina gaur egunera ekarri eta berrituta. Musika tradizionala egongo da oinarrian, eta horixe entzungo da ikuskizunak irauten duen bitartean, euren kantak entzungo dira, baina, esaterako, musika elektronikoa ere bai. Gaur egunera moldatutako, egokitutako, piezak dira, sustraia albo batera utzi gabe. Ura ere moldatu egiten da egoera bakoitzera, eta horregatik hartu dugu ura metafora moduan, guk erakutsi nahi dugun horrekin antzekotasuna duelako; hortik ikuskizunaren izena, Ura gara bidean".
Perkusioa eta trikitia batu gura zituen Letamendik, eta proiektua martxan jarri, ikuskizun hori sortu arte. Duela urtebete, 2024ko ekainean, estreinatu zuten, Villabonan. Iñaki Letamendik berak jotzen du perkusioa eta Andoitz Antzizarrek, trikitia. Abeslaria Izaro Markotegi da.
50 minutuko ikuskizuna
Oinkari dantza taldeko bi kide izango dituzte ondoan hiru lagun horiek: Mattin Etxebeste eta Onditz Esnaola. Koreografoa, berriz, Eneko Gil da. Ikuskizunean dantza garaikidea egingo dute, tradizioa eta egungoa uztartuz hor ere. Tarte batean ahots bat ere entzungo da, nolabaiteko hausnarketa bat planteatu gurako duena ikusleen artean: "Nondik gatozen eta nora goazen".
Ikuskizunak 50 minutu iraungo du eta San Martin auzoko plazan izango da, lurrean, oholtza barik. Udako kultur programa jasotzen duen Kalean egitasmoaren barruan antolatu diren gainerako ekitaldiak bezala, 19:00etan hasiko da hori ere uztailaren 28an.