Handik hona

Andres Orlando: "Argentina bikotekide toxiko bat bezalakoa da; baina ederra"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko uzt. 7a, 08:02

Andres Orlando, martitzen goizean, Oñatiko Eltzia aurrean. (Argazkia: I.A.A.).

Lagun Lekuko dinamizatzailea da duela urte eta erdi Oñatira etorri zen Andres Orlando Pontoriero (Albardon, Argentina, 1993), eta jaioterrian halako proiektu bat martxan jartzeko ametsa du. Matea edan bitartean erantzun ditu galderak.

Albardongoa zara; nola oroitzen duzu zure jaioterria?

Gustatzen zitzaidan. Ni jaio nintzenean, nabari zen migrante italiarrak zeudela. Aita italiarra da, eta ama, argentinarra. Hortaz, niri gustatzen zitzaidan kulturartekotasuna. Niretzat ohikoa zen zapatuetan haragi-errea jatea eta tangoa entzutea eta domekan pasta jatea. 10 urterekin Buenos Airesera joan ginen.

Aldaketa handia izan zen herritik hiriburura aldatzea?

Mila kilometrora dago Albardon Buenos Airestik. Distantziak, azentua... dena da ezberdina. Nire ama azkar saiatu zen ni babesteko, diskriminazioa saihesteko, Buenos Aireseko azentua ikas nezan. Lortu zuen.

Ez nekien argentinarrek ere azentu ezberdinak zenituztenik.

Bai, badago ezberdintasuna, baina ez da euskararekin gertatzen den gauza bera. Hemen herritik herrira asko aldatzen da. Gauza bat da batua eta beste bat euskalkiak. Argentinan guztiok ulertzen dugu elkar, baina baliteke letra batzuk gehiago nabarmentzea. Soinu kontua da, ez hiztegi kontua.

Noiz erabaki zenuen Argentinatik joatea?

Lehen aldiz 22 urte nituela irten nintzen, Italia iparraldera. Turismoa ikasten ari nintzen, eta, ikasketak ordaindu behar nituenez, hara joatea erabaki nuen, lanera. 24 urte bete arte egon nintzen. Argentinara itzuli nintzen, eta Turismo ikasketak amaitu nituen. Landa sektorean espezializatu nintzen eta irakasle batek esan zidan Katalunian eta Euskadin artzain-eskolak zeudela. 2023an, Aragoiko eskola batera joan nintzen; 2024an, Gomiztegira.

"Hona iritsi arte ez nekien nire lagunen abizenak euskaldunak zirenik"

Europarekin lehen kontaktua, Italia: nolakoa izan zen?

Ez zen horrenbesteko talka izan, Europako kulturarekin lotura nuelako. Hizkuntza ere banekien, eta asko erraztu zidan. Baina ezagutzen ez nituen lehengusu pila ezagutu nituen. Herriko jendeak amerikarra deitzen zidan; Ameriketara joan zen Andrearen semea nintzen. Guztiek ezagutzen ninduten, baina nik lehendabiziko aldiz ikusi nituen.

Ezberdintasunik Argentinaren eta Euskal Herriaren artean?

Euskaldun askoren ondorengoak daude han. Hona iritsi arte ez nekien nire lagunen abizenak euskaldunak zirenik. Gainera, kale eta eraikin asko daude euskal izenekin. Argentinan migrazioarekin gertatu zena izan zen migrante bakoitzak bere alea jarri zuela gaur egungo Argentina sortzeko, baina ez dakit euskaldunek nola egin zuten hainbesteko aztarna uzteko.

Javier Milei titular askotan agertu da.

Domekan hitz egin nuen Arte irakasle batekin. Esan zidan kultura esparruan dirulaguntzak murrizten ari dela. Argentina beti izan da ezaguna zinematografiagatik edo antzerkiagatik, eta orain asko ari da eragiten. Nire gurasoek esaten didate Argentinan, Mileitik harago, beti ohitzen garela krisian bizitzera. Txikitatik genuen barneratuta gauzek zenbat balio duten: beti kalkuluak egiten, dolarrez hizketan, ikustea gurasoak aurrezten ari direla dolarretan eta pesoetan... Argentina duela urte askotatik dago geldirik, eta pena handia ematen dit; europar askorendako izan da babesgune.

"Nire gurasoek diote Argentinan, Mileitik harago, beti ohitzen garela krisian bizitzera"

Hala izaten jarraitzen du?

Bai, noski. Herrialde mugakideetatik jende asko dator haien herrialdeetan ez dituzten aukerak topatzen baitituzte. Gainera, autonomo eta ekintzaile pila bat dago. Oso ausarta izan behar duzu Argentinan ekintzaile izateko, edozein momentutan krisialdi batek hankaz gora jartzen baitzaitu.

Hemen geratzearen arrazoietako bat izan da politika?

Baietz esango nuke. Mileik kargua hartu zuenean hemen gauza asko esan ziren, baina Argentinako errealitatea ulertzeko han egon behar da.

Oñatin geratzeko asmoa duzu?

Hemengoa esperientzia bat bezala hartu dut. Lagun asko egin ditut, baina itzuli egingo naizela uste dut. Argentina eduki duzun bikotekide toxiko bat bezalakoa da, baina, aldi berean, ederrena. Deitu egiten zaitu, eta ikusten dut argentinar guztiei gertatzen zaigula. Badakizu gaizki pasako duzula, baina itzuli egin nahi duzu.

Gertu ikusten duzu?

Balantzan jartzen dut, eta zaila da. Hemen aurkitu dudana sekulakoa da, baina han familia daukat, baliabide materialak... Lana beti edukiko dut han. Lagun Lekun ikasi dudanarekin halako bat asko baloratuko litzateke, adinekoak gaizki daude eta. Ederra izango litzateke Lagun Leku bat jartzea nire jaioterrian; gainera, izen berarekin. Hemen ere beharra dago, baina aukera gehiago dituzte.

Gomiztegin egin zituen artzain ikasketak, Turismoko gradua ikasi ostean

Bilboko aireportura iritsi zen Andres Orlando, eta han Oñatira nola heldu galdetzen hasi zenean, jendeak "arraro" begiratzen ziola dio: "Esaten zidaten ea zer egin behar nuen Oñatin". Gomiztegira iritsi zen, eta nabarmendu du artzain lanetan ibili zela. "Hori argi utzi behar dut. Jendeak pentsatu izan du apaiz ikasketak egitera etorri nintzela eta. Alkandora zabalik ikusten ninduten eta esaten zuten apaizak asko aldatu zirela", dio, barrez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak