Errotuta dute prozesioa korkostegitarrek

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko eka. 20a, 09:56

Migel Mari, Maribi eta Eduardo Korkostegi anai-arrebak, Oñatin.

Corpus ospakizuna "barrutik" bizi izan dute beti korkostegitarren familian. Horrelaxe jaso dute aurrekoengandik eta horrelaxe bizi dute egun ere. Domekako prozesioan izango dira hainbat senide; tartean, hiru anai-arreba: Migel Mari, Maribi eta Eduardo.

Corpus ospakizunean, modu batean edo bestean, parte hartzen duten herritarren artean senideak ere badira batzuk, familia ezberdinetako kideak. Korkostegitarrak dira horietako batzuk. Aurten ere hiru anai-arrebak hartuko dute parte; hirurak, domekako prozesioan.

San Migel, ile-luzapenarekin

Euren aita, aitajauna eta anaia zirenek ere hartzen zuten parte Corpus eguneko prozesioan, eta eurendako "naturala" da parte-hartze hori. "Etxekoendako oso garrantzitsua izan da beti egun hori, eta geuretako ere bai", azaldu du arrebak, Maribi Korkostegik.

Duela hamalau urte hasi zen apostoluak, San Migel eta Kristo janzten eta orrazten. Egunean bertan jaisten dituzte soinekoak, kapak eta ileordeak Santa Ana komentutik, baina horiek soinean ondo janzten laguntzen die gero kofradeei Santa Ana antzokian, domeka goizean. San Migelen ileordeak erruloz eta gantxoz beteta zuen oraindik martitzen iluntzean. "Mimo handiarekin orrazten ditugu. Aurten, lehen aldiz, ile-luzapenarekin aterako da San Migel". Kofradea da, eta prozesioan joango da, kaparekin.

San Roke eta San Migel

San Rokeren kofradiako kide zen korkostegitarren aita, eta santu harekin ateratzen zen prozesioan. "Txandaka eramaten zuten estandartea kideek, baina batek ez zuen nahi, eta nik, semeak, eramango zuela esan zien aitak. 18 urte nituen eta oraintsu arte eraman dut, urtero; joan den urtean, nire semeak eraman zuen, eta haren lagunek irudia", dio Eduardok. Migel Marik San Migelena eramaten du aspalditik, "Hilario Letamendik betetzen zuen lekua" hartuta. Gogoan dute aitarekin batera nola San Juanen irudia prestatzen zuten Gomendio parean eta nola prozesioko palioa euren senideek muntatzen zuten lehen. "Prozesioa Naparreneko kantoiraino egiten zenean, aldare bat jartzen zen, Kale Zaharrekoaren eta plazakoaren modukoa, arkua mantendu dioten eraikinaren aurrean. Bada, hura ere guk jartzen genuen. Gaur egun, berriz, San Martin eta San Roke prestatzen ditugu, San Martinen, kalera jaisteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak