Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?
10 urtera arte oso polita izan da. Kalean jolasten ginela gogoratzen dut. Beti kalean geunden lagunekin, bizilagunekin... Ez genuen beisboleko pilotarik eta baterik. Poltsekin bola bat egiten genuen eta makila edo botila batekin jo. Goizetan eskolara joaten ginen.
Eta 10 urtetik aurrera, zer?
Nire amak migratu egin behar izan zuen eta nire ahizpa masterra egitera joan zen kanpora. Etxeko emakume bakarra nintzen eta etxearen ardura izaten ikasi behar izan nuen. Ez zegokidan ardura hartu nuen.
Zergatik migratu zuen amak?
Aita lanik gabe geratu zen eta nire neba-arrebak unibertsitatean zeuden, eta dirua behar zuen haiek ikas zezaten; baita neuk etorkizunean ikasteko ere. 2002an etorri zen, lehendabizi Bergarara; gero, Oñatira. Gu 2013an etorri ginen, familia berrelkartze bidez.
"Lehenago etorri izatea gustatuko litzaidake; eskolako garaia hemen pasako nukeen"
Argi zenuen Boliviatik irten nahi zenuela?
Imajinatu. 19 urterekin ezkondu nintzen han. Hona etortzeko gogo handirik ez nuen, baina nire amak hemen ikusi zuenean nire adineko neskak nola bizi ziren eta ni han zertan ari nintzen, etortzeko esan zidan. Uste nuen nire ezkontza betirako izango zela. 2013ko martxoan etorri egin nintzen; egoera ikusita, begirada zabaldu, eta itzultzea erabaki nuen, urte bereko abenduan. Nire adineko emakumeak Oñatin nola bizi ziren ikusita, neure buruari aukera bat ematea erabaki nuen. Hona etorri, eta ikasten hasi nintzen; uste nuen hango ikasketak baliozkotzea zaila izango zela.
Erabakiaz damutzen zara?
Ez. Lehenago etorriko nintzatekeen; eskolako garaia hemen pasako nukeen. Integratu egin naiz eta jende asko ezagutzen dut. Uste dut txikitan hemen ikasi izan banu ondo definitutako kuadrilla bat izango nukeela. Lagunak dauzkat, baina ez daukat kuadrillarik.
Zer iruditu zitzaizun Oñati?
Hainbeste hotz egiteak eta beste horrenbeste mendik harritu egin ninduten. Klimak ere bai. Filmetakoa zirudien. Eraztunen jauna ikustea bezala: mendi haiek, lainoa... Ni hondarrez betetako haran batetik nentorren: ez dago aldaparik, eta eraikinak eraikitzeko zailtasunak egoten dira. Aurpegiera ezberdineko jendea ikusteak txunditu egin ninduen. Beste janzteko era bat zuten. Janaria asko igartzen dut faltan; oraindik, asko kostatzen zait.
"Nire kultura partekatu eta hemengoa praktikatu egiten dut"
Zertan dira ezberdin euskaldunak eta boliviarrak?
Beti esan izan dut, ez intentzio txarrarekin, baina oso hotzak dira. Beste era batera adierazten dira. Guri kontaktua gehiago gustatzen zaigu: besarkadak, musuak, eskutik helduta joatea bikotekidearekin... Hemen bizilagunekin oso gutxi hitz egiten da. Horrek asko harritzen nau. Han bizilagunak familia dira. Hori ere faltan igartzen dut.
Zailtasunik izan duzu?
Hizkuntza zailtasuna baino gehiago erronka izan da. Negozio bat daukat, eta ohartu naiz bezero gehienak oñatiarrak direla kanpokoak baino. Uste dut integratzen saiatu naizela. Pertsona baten izaerak dena esaten du. Ahalegintzen naiz euskaraz egiten, eta eskertu izan didate.
Arrazakeriarik bizi izan duzu?
Baietz esango nuke. Kasu bat daukat gogoan: Herri Eguneko azoka. Ikusten zen kanpotar bakarra nintzela, eta nire postuaren ondoan gizon frantses bat zegoen. Nongoa nintzen galdetu zidan. Esan zidan Boliviako jende asko ezagutzen zuela, eta haien emakumeak oso adeitsuak eta langileak zirela. Emakume boliviar baten bila zebilen. Eraso matxista eta arrazista izan zen. Arduradunekin hitz egin nuen.
Boliviako kultura Oñatira ekartzen ere saiatu zara.
Oruroko Inauteriei buruzko informazio bila ari nintzen, eta alabari gustatu egin zitzaion. Hango Inauterien historia kontatu nion, eta galdetu zidan ea zergatik haren ikaskideek ez zeukaten horren berri. Eskolarekin hitz egin, eta saio bat egin genuen. Dantza-saioa ere egin genuen. Hurrengo urtean errepikatu egin genuen. Eltzian dantza saioak ematen ditut.
Zuretzat ze garrantzi du kulturartekotasunak?
Nik uste dut kanpoko norbait identifikatuta sentitu daitekeela hemengoak ez diren dantzak egiten direla ikusita. Hemengo jendea irekia da eta errespetua du. Ni neu ere Gabonetan baserritar janzten naiz, nire seme-alaben kultura baita. Ez naiz nire kulturara mugatzen. Nire kultura partekatu eta hemengoa praktikatu egiten dut.
Kalean ikusi du euskaraz, eta argi dauka akatsak eginez ikasten dela hizkuntza
Maria del Carmen Castroren erronketako bat euskara bada ere, hizkuntza ulertzen du eta idazten ere moldatzen da; hitz egitea, ordea, "kostatu" egiten zaio. Ez zaio zaila iruditzen, baina "berea dauka". Bikotekide ordiziarra du, eta euskaraz harekin eta kalean ikasi du; gaur egun, seme- alabek ere laguntzen diote. "Denda bat daukat, eta beti saiatzen naiz euskaraz hitz egiten, edo, behintzat, hartzen ditudan oharrak euskaraz idazten. Batzuetan, polikiago, lasai-lasai, hitz egiteko eskatu behar dut. Pentsatzen dut nahasten banaiz norbaitek zuzenduko didala eta ikasiko dudala".