Oñatiko EAJk garraio sistema "eraginkorragoa eta irisgarriagoa" bultzatu nahi du

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mai. 27a, 11:31

Autobus bat, Unibertsitate etorbideko geralekuan.

Oñatiko EAJk proposatu du autobus lineak "berrantolatzea, lotura zuzen berriak sortzea eta azpiegiturak hobetzea". Gainera, salatu du udal gobernuak tokiko garraio publikoaren aurrean, ez duela erabakirik hartu, eta borondatea agertu du "konektibitate falta" konpontzeko eta "zerbitzuaren kalitatea hobetzeko" plangintza integrala elkarrekin egiteko.

Debagoienean tren zerbitzurik ez dagoenez, Oñatik errepidezko garraioaren "mendekotasuna" duela azaldu du Oñatiko EAJk, ohar bidez, eta hauxe gaineratu du: "Egoera horrek hainbat gabezia sortzen ditu egungo sisteman, hala nola, puntualitate eza, autobusak gainezka egotea eta segurtasun arazoak, bereziki ikasleei eragiten dietenak". Horregatik, hainbat proposamen egin dituzte.

Hiriburuekiko konexioak

EAJtik esan dute "funtsezkoa" dela Oñatiren eta hiriburuen artean "zuzeneko zerbitzu eraginkorra" izatea, transbordorik egin beharrik gabe. "Gutxienez, Bilborekiko egungo zuzeneko konexioak Donostiara eta Gasteizera zabaldu beharko lirateke", esan dute. Eta gaineratu, zuzeneko autobusak Oñatitik hiriburuetara goizean, eguerdian, arratsaldean eta arratsalde amaieran egon beharko liratekeela; eta hiriburuetatik Oñatira itzultzeko zuzeneko autobusak, berriz, goizean, eguerdian eta iluntzean.

Inguruko udalerriekiko konexioak

Oñati eta Elorregi lotzen dituen linea erregular bakarra –joan-etorria– DGO4 dela adierazi dute EAJtik, eta ordu erdiro irteten dela. "Hala ere, linea horrek puntualtasun arazo larriak ditu, batez ere, eskari handiko ordutegietan, trafikoagatik", esan dute EAJtik.

Eta hau gaineratu dute: "Ezinbestekoa da 15 minuturo konexio bat ezartzea Oñati eta Elorregi artean. Hori lortzeko, bi aukera proposatzen dira: Oñati-Bergara linea berreskuratzea, 2014. urtera arte gutxi gorabehera martxan egon zena, ordu erdiro irtenda eta DG04 linearekin konbinatuta, horrela, Oñati-Elorregi konexioa ordu erdiro erregularki egitea lortuko litzateke; eta bestetik, Oñatiko EAJ udal taldeak herribusaren hirugarren zerbitzu bat sortzeko eskatu du, Elorregira iristeko, 2024ko eta 2025eko udal aurrekontuetarako proposamenen parte gisa". Adierazi dute helburua izango litzatekeela, DG04 linearekin batera, 15 minuturo konexio bat egotea Oñati eta Elorregi artean.

"Arazoak" zerbitzuan

Zerbitzuari dagokionez, hainbat "arazo" daudela esan dute. Esaterako, autobusak "oso beteta" doazela ordu tarte batzuetan, "batez ere, puntako orduetan", diote EAJtik. Gainera, asteburuetan, ikasleek hiriburuetara bidaiatzeko erabiltzen dituzten lineak "saturatuegiak" daudela esan dute, eta, ondorioz, "ikasle asko txartelik gabe" geratzen direla.

Autobusek "puntualtasun arazo larriak" dituztela ere adierazi dute; baita zerbitzuaren webgunea "ez dela eraginkorra" ere; Mugi txartela autobus geltokietan kargatzeko makinak "maiz matxuratuta" egoten direla ere esan dute; eta autobusen mantentze lanak "hobetu" behar direla.

"Hobekuntzak" zerbitzuan

Hainbat "hobekuntza" ere proposatu dituzte. Esaterako, autobusak egokitu behar direla Mugi txartela mugikorraren bidez erabili ahal izateko, ordaintzeko prozesua errazteko.

Aplikazio mugikor bat garatu beharko litzatekeela ere azpimarratu dute, autobusaren kokapena "denbora errealean kontsultatzeko eta hurbilen dagoen geltokira arteko distantzia eta aurreikusitako denbora kalkulatzeko".

Elorregiko autobus geltokiko paretak gardenak bihurtzeko proposamena ere egin dute, "aparkalekutik autobusaren linea ikusi ahal izango dela bermatzeko".

Udal gobernuaren "iniziatiba falta"

Oñatiko EAJk, udal gobernuaren "ekintza falta" salatu du: "Udal gobernuaren ekintza faltak, Oñati garraio publiko defizitario batekin uzten du. EAJren proposamenak soluzio zehatzak dira, zerbitzuaren kalitatea, irisgarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, herritar guztientzat kalitatezko garraio publiko bat bermatuz", adierazi du Amaia Erostarbek, EAJko Oñatiko bozeramaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak