Aisialdi inklusiboa eskainiko duen programa bat prestatzen ari da Oñatiko Udala, aniztasun funtzionala duten haurrei, nerabeei eta gazteei zuzenduta egongo dena. Proiektuaren helburua da herritar guztiei eskaintzea, berdintasun-baldintzetan, sozializatzeko eta aisialdian parte hartzeko aukera.
Horretarako beharra
Behar hori badagoela ikusi dute Udaleko hainbat sailetako teknikariek, eta programa martxan jartzea erabaki dute, Udalari horrela jakinarazita. Horrela, Haur eta Gazteria Sailaren eta Gizarte Zerbitzuen Sailaren artean ari dira prestatzen. "Guk, esaterako, Txaloka ludotekaren eta gaztelekuak eskaintzen dituen zerbitzuen bidez ikusi dugu badagoela aisialdi inklusiboaren beharra Oñatin. Udalak udan eskaintzen dituen udaleku irekietan ere propio hartzen ditugu begiraleak aukera hori bermatzeko. Ikastetxeetan ere ikusten dute beharra. Bestalde, bailara mailan ere apenas dago horrelako eskaintzarik", dio Haur eta Gazteria Saileko udal teknikari Jon Lopez Santamariak.
Hiru helburu
Lopezek azaldu duenez, hiru helburu ditu programa horrek: "Batetik, harremanak eta sozializazioa bultzatzea da helburua, herritar guztiek denbora librean gozatzeko aukera izan dezaten; gizarteratzea da beste helburu bat, Oñatiko haur, nerabe eta gazte guztiak hainbat jardueratan parte hartzera bultzatzea, komunitatean elkarlan eraginkorra sustatzeko; baita familiei laguntza eskaintzea ere. Gurasoen eta tutoreen zaintza-lana arintzeko baliabide bat eskaintzea ere gurako genuke". Dagoeneko hasita daude programa lantzen, eta norengana hel daitezkeen aztertzen ari dira orain. Lopezen esanetan, 30 bat urte arteko pertsonengana heldu gurako lukete programa horrekin, eta, hain zuzen Haur eta Gazteria Saila eta Gizarte Zerbitzuen Saila ari dira saiakera egiten.
Programan parte hartzea
Ekimen horrekin, komunitatea inklusioaren eta elkarbizitzaren garrantziaz sentsibilizatzea ere gurako luke Oñatiko Udalak. Horregatik, programa horretan parte hartzeko interesa duen edozein herritar animatu gura dute gaztelekura edo Gizarte Zerbitzuetara joatera zalantzak argitzera. Haur eta Gazteria teknikariaren telefono-zenbakia ere zabalik dago, inork informazioa eskatzeko erabili gura izanez gero: 645 00 56 72.