Mikel Goiangeruaren parrokian emango dute bazkide kontzertua Ganbara Faktoriako taldeek domekan, hilaren 25ean, 19:00etan.
Pop-rock doinuak entzun ahal izango dira bertan. Hauxe adierazi du Ganbara Abesbatzako zuzendari Aitor Biain-Bidartek: "Gure eszena musikalaren izen handiak eta promesa berriak elkartuko ditugu gau ahaztezin baten. ETSren energia bizigarria, Itoitzen klasikoen hunkigarritasuna, Izaroren eta Idoiaren melodia sentikorrak, Bulegoren dantzarako gonbita... Guztien musikak bat egingo dute oholtza berean, belaunaldi ezberdinak lotuz eta gure hizkuntza eta kultura ospatuz".
120 lagun
Denera, 120 lagun inguruk hartuko dute parte. Alde batetik, Hots abesbatzak ekainaren 7an Gasteizko lehiaketan abestuko dituen kantuak entzun ahal izango dira. Eta bestetik, pop-rock estiloko abestiak kantatuko dituzte Ganbara Txikikoek eta Ganbarakoek.
Baina abeslariak bakarrik ez, musika eginez, lagun izango dute kantariek pop-rock konbo bat: piano-jole moduan egongo da Amaia Zipitria; baxuan, Cristina Larrañaga; eta, perkusioan, Iñaki Letamendia.
Kontzertua borobiltzeko guztiek batera bi kantu abestuko dituzte: Nere herriko neskatxa maite kantu herrikoia eta Anje Duhalderen Bakezaleak.
Bazkideendako kontzertua izango da, eta, ondorioz, dagoeneko bazkideek etxean jasoko zituzten gonbidapenak. Hala ere, aurkezpenean adierazi dute herritar guztiendako egongo dela zabalik, eta sarrerak erosteko aukera dagoela Txokolateixan edota Oñati.eus-en, 8 eurotan. Egunean bertan ere erosi ahalko dira.
135 bazkide
Gaur egun, Ganbara Faktoriak 135 bazkide dauzka, Biain zuzendariak zehatu du "egoera ona" dela, eta euren helburua da datozen bi urtetan, bazkide kopurua 175era igotzea.
Oraindik bazkide ez direnek, aukera dute bazkide egiteko kontzertuaren egunean edota webgunetik.
Iazko balantzea eta aurtengoaren aurrerapena
Ganbara Faktoriak 2024 eta 2025 urteen memoria ere aurkeztu du.
Ganbara abesbatzari dagokionez, iaz hemezortzi ekintza egin zituzten, eta aurten 22 egingo dituzte. Horien artean daude Luminiscence fenomeno kulturalean parte hartuko dutela; Donostiako Buen Pastorreko katedralean abestuko dute ekainean bi aldiz, uztailean bos alditan eta abuztuan beste hiru egunetan. Udako gauak programaren barruan, aurten Arrikrutzeko kobak auditorio baten bihurtuko dituzte eta kontzertu ibiltaria emango dute. Edota abenduko zubian, Mallorcara joango dira hango Binissalem herriko lehiaketan parte hartzera.
Ganbara kantu eskolak iaz hamalau ekintzatan hartu zuen parte eta aurten hamarretan hartuko dute. Esaterako, Barbantxoren ipuinaren estreinaldia egingo dute aurten.
Hots abesbatzak, bestetik, iaz hamar ekintza egin zituen, eta aurten, hamaika. Horien artean daude ekainean parte hartuko duten Gasteizko II. Abesbatza Lehiaketa, edota Bulgariako Varnako lehiaketa internazionalean parte hartzea.
Amaitzeko, Aequus Ensemble orkestrak iaz bost ekintzatan parte hartu zuen eta aurten lau egingo dituzte; esaterako, ekainean Descriptio kontzertua emango dute Oñatin.