Javi 'Txebi' Bujanda: "Hitz-jokoak eta txisteak betidanik gustatu zaizkit"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko mai. 19a, 17:31

Javi 'Txebi' Bujanda 'Txistegia' liburuarekin. Argazkia: Josune Madinabeitia.

Txistegia liburu dibertigarria argitaratu berri du oñatiarrak, eta Antixena gaztetxean aurkeztuko du maiatzaren 21ean, 19:00etan; dagoeneko salgai dago, hamar eurotan.

Saltsa askotako perrexila da Javi Txebi Bujanda (Oñati,1987), musika arloan dihardu aspaldidanik, baina beste erronka bat du esku artean, liburu bat argitaratu berri du eta.

"Ahazten ari garen ohitura sanoa da barre egitea"

Txistegia liburua eskuetan hartuta, barrea samur ateratzen da; hori da helburua?

Hori da helburua, bai; ahazten ari garen ohitura sanoa da-eta barre egitea.

Zer dela-eta eta noiz hasi zinen hitz berriak asmatzeko jolasean?

Hitz-jokoak eta txisteak betidanik gustatu zaizkit, eta nire lagunek baieztatu egingo dute hori; baina hitz berriak asmatzearen jolasa Joseba Sarrionandiak orain dela gutxi argitaratu zuen liburu batek eraginda izan da, non Ermuko idazle zen Marcos Gimenoren palindromoei eta hitz-jolasei bere testuak txertatu zizkion. Sarrionandiaren liburu hori irakurri nuenean, egundoko klik bat egin zidan buruak, eta irakurtzen bukatu nuenean hasi nintzen nire hitz propioak koaderno batean idazten; beraz, Marcos, zauden tokian zaudela, Txistegia ere zurea da.

Hiztegi baten itxura eman diozu.

Hainbat hitz pilatuta nituenean, lagun bati erakutsi nion bilduma, eta hark bultzatu ninduen liburutxoa ateratzera. Beste ezagun batzuei ere pasa nien testuak, eta guztiek esan zidaten barre egin zutela; bada, argitaratzea pentsatu nuen.

"Historiarekin zerikusia dutenak dira nire gustukoenak"

245 hitz batu dituzu; faboritorik?

Historiarekin zerikusia dutenak dira nire gustukoenak; esaterako, Tomas Zumbalakarregi aipatuko nuke, asko miresten dudan pertsonaia historikoa izan zelako. Eta zentzurik ez duten hitzak ere gustuko ditut; adibidez: Asesino en serio, Iraultzargailua eta Absurdistan.

Gustura emaitzarekin?

Oso pozik nago; liburuaren diseinua eta formatua asko gustatzen zait.

Ze feedback jaso duzu?

Oso ona; liburua erosi dutenen hainbat mezu jaso ditut eta guztiek barre egin dutela esan didate; beraz, pozik nago.

Antixena gaztetxean aurkeztuko duzu, etzi, eguaztenean; zelako ekitaldia izango da?

Bada, ez dut inoiz libururik aurkeztu, baina egon naizen beste liburu-aurkezpenen antzerakoa izango dela uste dut; desberdintasun batekin: oraingoan, boterea edukiko dut Paco Umbralek esan zuen esaldia esateko: "Ni nire liburuaz hitz egitera etorri naiz!". Zoragarria da hori [Barre].

Non eta zenbatean eskura daiteke?

Oraingoz, Oñatiko Arrano tabernan eros daiteke, hamar eurotan. Antixeneko aurkezpenaren ondoren, Altuna estankoan ere salgai jartzeko asmoa dut, eta, akaso, aurrerago bailarako beste toki batzuetara eta hiriburuetako liburutegietara ere eramaten saiatuko naiz.

Ari zara dagoeneko hitz berriak sortzen?

Bueno, liburua argitaratu denean hitz berri batzuk etorri zaizkit burura, eta apuntatu ditut koadernoan, baina, oraingoz, inongo intentziorik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak