Ikasturtean zehar ikasitakoa erakusteko asmoz, emanaldia egin zuten atzo arratsaldean, hilaren 16an, Debagoieneko musika eskola batzuetako eta Soraluzeko ikasleek. Hain zuzen ere, azken horiek, soraluzetarrak, izan ziren oholtzara igotzen lehenak, eta bi kanta jo zituzten: En Tol Sarmiento taldearen Abuela maitea hautatu zuen gazteen taldeak, eta Leia taldeak, berriz, Suzko erruberak, Bulegorena. Ondoren, eskoriatzarren txanda izan zen, eta gitarra klasikoko taldea izan zen Beheko Errota musika eskolako ordezkaria, Marcel Boelaarsen hiru kanta jota. Arrasate Musikaletik, berriz, soka taldeak hartu zuen parte, bi kantarekin: Gabriel's Oboe (E.Morricone) eta Viva la vida (Coldplay).
Aretxabaletarrak, hiru talderekin
Musikari ugarik hartu zuten parte Aretxabaletako Leizarra Musika Eskolatik: lehendabizi, perkusio taldea igo zen oholtza gainera, lau kidez osatutakoa, eta soilik perkusioa joz bi kanta jo zituzten jendaurrean; ondoren, beste lau musikariz osatutako talde bat igo zen, eta Egiten dugun borroka izeneko abesti propioa jo zuten; horrez gain, bazen azken laukote bat ere: Rotten XII taldearen El Blues de Aranjuez kanta hautatu zuten jendaurrerako.
Txantxitrik taldea
Trikitilariak izan ziren Jose de Azpiazu musika eskolako ordezkariak: hain zuzen ere, 13-15 urte arteko hamahiru ikaslek osatzen duten Txantxitrik taldea. Agure zaharra (Xabier Letek Lluis Llachenen abestiari eginiko moldaketa), Izar iheskorra (Etzakit) eta Gotti (Xabi Solano) jo zituzten Santa Ana antzokian. Hiru kanta horiek dira, zehazki, maiatzaren 29tik ekainaren 1era Katalunian joko dituztenetako batzuk, Europa mailako gazteen Ritmiks jaialdian hartuko baitute parte.