Kolonbiatik Debagoienera; zergatik hona?
Nire aitagatik. Hura irten zen lehendabizi handik. Madrilera iritsi zen, eta esango nuke, orduan, paperik ez zutenei segika gehiago ibiltzen zirela, eta, horrenbestez, jaioterrira bidali. Hala, bailara honetara etorri zen, ez zuelako trabarik egiten. Lan asko zegoen industrian eta fundizioan. Oraindik ere badago, baina orduan, Aretxabaletan, lan gehiago zegoen. Lau bat urte egon zen, eta gero, hiru anaia etorri ginen.
Zergatik utzi zenuten jaioterria?
Lan-aukera gehiago zeudelako hemen. Kolonbian ez geneukan aukerarik eta etorkizun hobe baten bila etorri ginen.
Aretxabaleta, Arrasate eta, ondoren, Oñati; zergatik Oñati?
Duela 10 urte etorri nintzen Oñatira, neska bat ezagutu nuelako [Barre]. Ostalaritzan egiten nuen lan, eta Iturritxora etorri nintzen lanera. Tartean, Bartzelonan ere egon naiz.
Orduan, Oñatik zer eman dizu?
Ez Oñatik; orokorrean, Euskal Herriak. Kultura da, eta hemengo sentiarazten gaituzte. Trenean Gasteizera iristea lasaitasuna da. Hemen batek lan egiten du, baina bizitzaz ere gozatzen du. Bartzelonan bizitza mugituagoa zen. Lan egin, lan egin, lan egin. Autobusa eta trena hartu...
"10 urterekin, ikasi beharrean, lan egiten nuen nire osabarekin, txatartegi batean"
Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa Kolonbian?
Oso zoriontsua nintzen, baina, aldi berean, gogorra zen. Lanean goiz hastea tokatu zitzaidan. 10 urterekin, ikasi beharrean, lan egiten nuen nire osabarekin, txatartegi batean. Tailer batean ere egiten nuen lan, arotz-familia batekoa bainaiz. Hemen mekanizatua ikasi eta amaitu nuen, baina ez dut horretan lanean jarraitu.
Kolonbiatik zetozen; ezberdintasunik topatu zenuen? Zeintzuk?
Dena. Udan, uztailaren amaieran, iritsi nintzen, eta Aretxabaletan guztiak oporretara zihoazen. Ez zegoen inor; bizpahiru pertsona bakarrik. Kolonbian goizean goizetik jendea kalean dago. Musika oso altu jartzen dugu, berandura arte egoten gara kalean. Parkeak, kantxak eta frontoiak han ez daude hutsik. Oso ezberdina da. Eguraldia ere bai. Han beroa egiten duenez, uztailean bero egiten zuen, baina neguan hotz handia.
"Kolonbian ez genuen aukerarik eta etorkizun hobe baten bila etorri ginen"
Kolonbian erlijioak ere badauka pisua.
Kolonbiarren gehiengoa oso sinestunak gara. Hemen hori galdu egin da, min asko egin baitu. Nik sinisten dut, baina ez lehen bezala. Han amonarekin igandero joaten nintzen elizara; hemen ez naiz joaten. Aurrekoan, 12 urteko alabak esan zidan ez zuela Jainkoarengan sinisten. Hitz egiten egon ginen, eta ulertzen dut. Hemen jaio da, hemengo kulturan.
Paperak lortzeko zailtasunak izan zenituen?
Taldean etorri nintzenez, ez. Nire familia osoak lortu ditu paperak. Ia familia osoa Debagoienean bizi da; Kolonbian arreba bat eta amona dauzkat. Euskal kulturak ondo hartu gaitu.
Zailtasunez ari garela, bestelako zailtasunik?
Bai, noski, baina bizitza beti dago oztopoz beteta. Hemengo gastronomiaz, hizkuntzaz eta kulturaz ikasi nuen. Beti egin dut lan ondo, eta horrek ate asko zabaldu dizkit. Anaietako batzuek zail izan dute lana topatzea, baina, behin hasita, erraza izan da. Bi eratako pertsona migatzaileak daude: etorri eta gaizkia egiten dutenak –horiei gauzak ez zaizkie ondo joaten–; lanera eta integratzera gatozenoi, berriz, ondo joaten zaigu. Ibili nintzen euskaltegian euskara ikasten, baina, lan egin behar nuenez, utzi egin nuen.
Ostalaritzan egiten duzu lan; faltan igarri duzu Kolonbiako janaria?
Nik miretsi egiten dut sukaldaritza, eta ikusi dut antzekotasun asko daudela. Euskaldunok potaje asko jateko ohitura duzue eta guk han ere jaten ditugu. Baina iritsi nintzenean, bazeuden jaki asko ezagutzen ez nituenak; olibak, adibidez.
Itzultzeko asmorik?
Amonagatik itzuliko nintzateke. Erdi gaixorik ibili da eta agur esatera joan nahiko nuke. Eta etxe bat erostea gustatuko litzaidake, baina nire alabak ere hemen dauzkat. Euskaraz hazi dira.
"Lagun euskaldunak duenak bizitza osorako laguna dauka"
Obandok ez zekien euskara existitzen zenik ere. Azaldu duenez, aitak kontatzen zien horretatik izaten zuten Euskal Herriaren berri: "Aitarekin ere ez genuen askorik hitz egiten. Egun osoa lanean pasatzen zuen. Kabina batetik deitzen zuen, eta komunikazio askorik ez genuen". Dena den, egin du euskara ikasteko ahalegina, baina, lanarekin bateratu ezin duenez, eskoletara joateari utzi zion. Alabaina, hiru alabak hemen jaitakoak dira eta euskaraz dakite. "Hemen ondo integratu dira", azaldu du.
Euskaldunak itxiak direla esan ohi da, eta horren sentsazioa izan zuen etorri zenean Obandok, baina argi utzi du behin ezagututa aldatu egiten direla; hori, gainera, bertatik bertara ikusi du ostalaritzan, jendearekin gertuko harremana baitauka: "Esaerak dioen bezala: Lagun euskalduna duenak, bizitza guztirako laguna dauka".