Arratsalde mugitua izan dute Arantzazu inguruko bizilagunek; izan ere, ez dute momentu batean ere espero izan arratsalde parteko euri-jasak horrenbesterako emango zuenik. Maialen Madina bizilagunak onartu du "susto handia" hartu dutela "bapatean" gertatu delako guztia. "Ez dut aurretik halakorik ikusi, eta etxekoek zein bizilagunek ere gauza bera diote", adierazi du Madinak.
Oñatiko Udaleko Zebitzu eta Landa Eremuko batzordeburu Xabier Igartuak ere "ezusteko handia" izan dela adierazi du. "Udaletxean" zeudela gertatu da uholdea, eta "beldurtuta" igo direla adierazi du Igartuak. "Baserrikoekin egon gara, eta bihartik aurrera aztertuko dugu zenbateko kalteak izan diren", gaineratu du.
Oñatitik Arantzazurako errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoa denez, hango langileak ibili dira errepidea garbitzen. 19:30ak aldera hasi dituzte lanok, eta errepidea guztiz garbitzea lortu ez badute ere, zati handi bat ateratzea lortu dute.