Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 23, eta, hori aitzakiatzat hartuta, Oñatin izango da datorren astean Markos Zapiain euskal idazle eta filosofoa, Txillardegi hizkuntzalari lana aurkeztuko baitu. Haren hitzetan, liburuaren sinopsian dioenez, "Txillardegiren bizitzak euskara izan zuen ardatz, baina, aldi berean, inoiz ez zion utzi edozein hizkuntzaren ezaugarri unibertsalei buruz" pentsatzeari: "Politikariaren irudiak maiz gainontzeko alderdiak estali arren, bokazioz hizkuntzalari genuen Txillardegi beste edozeren gainetik, eta hizkuntzarekin loturiko ezer ez zitzaion arrotz".
Lehendabiziko atalak, horrenbestez, Txillardegi "ezezagun" hori erakustea du helburu, "giza izatea zeharkatzen duen ororen izaera linguistikoaz gogoetan, dela ametsa, eromena, mitoa, inkontzientea edo kode genetikoa, XX. mendeko pentsalari gailenen eskutik: Saussure linguista, Levi-Strauss antropologoa, Lacan psikoanalista...". Bigarren atalean, berriz, "euskararen problematika berezia" nabarmentzen du egileak, "euskara salbatzeko" Txillardegik proposatutako bideak: "Besteak beste, euskaltzaleak elebakar aritzea erdaldunekiko harremanetan ere, eta euskararen zerbitzura jardungo duen euskal estatu bat sortzea, XXI. mendean desagertuko diren 3.000 hizkuntzetako bat izango ez bada".