Maiatzarekin batera datoz aurten Olabarrieta auzoko jaiak, eta, bertako suziriak eztanda egin ostean, beste hainbat asteburutan ere ospatuko dira Oñatin, bai kale-auzoetako jaiak, baita landaguneetako auzoetako festak ere: batzuk, egitarau zabalarekin, eta beste batzuk, berriz, xumeagoarekin. Dena den, urri hasieran ospatuko diren Errosarixo jaiak iritsi bitartean, auzoetako jaiekin gozatzeko aukera egongo da.
100. urteurrena izango dute, esate baterako, Atzeko kaleko jaiek. Iaz berreskuratu zituzten Santa Marinako jaiak ere egingo dira berriro ere. Zein bereizgarri dituzten auzoetako jaiek? Hauxe erantzun du Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek: "Esango nuke oso biziki bizi ditugun jaiak direla. Auzotarrek izugarrizko lana egiten dute auzoetako jaiak aurrera ateratzeko, eta, gainera, euskaraz bizi gara garai horretan guztian, neurri batean, auzoetako jaiei esker. Eta horrek auzotarrak bertaratu eta herrian bertan bizitzeko gonbita egiten digu, eskaintza kalitate onekoa delako, eta, egia esanda, geroz eta gusturago bizi ditugun jaiak dira. Herriak bizirik irauteko beste arrazoietako bat ere badira".
Horiek mantentzearen garrantzia azpimarratu du Olaldek, belaunaldi ugaritakoak elkartzen direlako, "berdinetik berdinerako" jaiak izaten direlako eta "euskaraz bizitzeko espazio bat" sortzen dutelako.
Lehenengoak, Olabarrietakoak
Normalean, maiatzaren 1ean bukatu izan dira Olabarrietako jaiak, baina aurten, orduantxe hasiko dira. Bihar, eguena, auzotarrendako meza izango da, urtero moduan, eta pilota txapelketako finalaurrekoak jokatuko dituzte, besteak beste. Etzi, hilaren 2an, auzotarrak protagonista izango dituen auzoko toponimiaren aurkezpena eta erleek duten garrantzia eta haien produktuen dastaketa egongo dira goizean. Azken urteetan arrakasta izan duen kalejira egingo dute, berriz, 18:45ean, Artxubi baserritik hasita, jaietako pertsonaia den mamuarekin batera, txorimaloengana joateko. 22:00etan, Inguma, Nize, Hamarratz eta DJ Merleiren emanaldiak egongo dira; autobus zerbitzua egongo da 21:30etik 03:00etara. Zapatuan, auzo-bazkaria eta erromeria izango dira, eta domekan, urte askoren ostean, Olabarrietako krosa egingo dute Lehen Hezkuntza 1-6 bitartekoendako. Jai batzordeko Ane Zubiak herritar guztiak gonbidatu ditu lau egunetan izango diren ekintzetan parte hartzera.
Protokolo bateratua, guztiendako
Oñatin, azken urteetan, jai nagusiak ospatu aurretik, eraso matxisten kontrako lanketa egiten da jai batzordean, baina auzoen kasuan hutsune bat ikusten zuten, alde horretatik, hainbat auzo-batzordetako partaideek. Horregatik, Bargastak talde feministakoengana jo zuten, Oñatiko jaietan egiten den moduan auzoko jai-batzordeetan ere protokolo bat sortzea nahi zutelako, edo lanketa feminista bat egin ahal izatea, auzo-batzordeetako kideek ere baliabideak izan ditzaten.
"Ulertzen dugu sistema bera badela patriarkala, eta jai-eremua ez da hortik kanpora gelditzen. Jaietan gertatzen dena da erasoak izaten direla askoz modu argiagoan. Ez da bakarrik jaietan eta alkohol artean gertatzen den zerbait, baizik eta egunerokotasunean gertatzen dira horrelakoak", adierazi dute Bargastak taldekoek, eta hauxe gaineratu: "Auzo-batzordeetakoek eskatu ziguten laguntza gaiari heltzeko, eta erabaki genuen ondo egongo litzatekeela auzo-batzorde guztiendako lankidetzan protokolo bat egitea, eta, beraz, auzo-batzorde bakoitzari oinarrizko baliabide batzuk ematea. Erabat modu parte-hartzailean egin nahi izan dugu, ulertuz hori izango dela mekanismo bat jaietan zerbait gertatzen den kasuetan erantzun ahal izateko, edo, beste barik, eraso matxisten kontrako lanketa bat egin ahal izateko". Beraz, oinarrizko protokolo bat prest dute aurten jai batzordeek.
Oñatiko auzoetako jaien egutegia
Udalarekin harremana dute bederatzi kale-auzok eta landaguneko beste hainbestek jaiak antolatzeko. Auzo batzuetan ospakizun handiak egiten dituzte eta baliabide konkretu batzuk behar izaten dituzte; beste batzuetan, berriz, modu xumeagoan ospatzen dituzte, eta Udalaren laguntzarik ere ez dute behar izaten. Zerrendan azaltzen diren egunetan ospatuko dira auzoetako jaiak.
- Olabarrietako jaiak Maiatzak 1, 2, 3, 4.
- San Migel Txiki jaiak Maiatzak 9, 10, 11.
- Errekaldeko jaiak Maiatzak 23, 24, 25.
- Murgiako jaiak Maiatzak 30, 31 eta ekainak 1.
- Olakuako jaiak Ekainak 6, 7, 8.
- Araotzeko jaiak Ekainak 14, 15.
- Torreauzoko jaiak Ekainak 28, 29.
- Garagaltzako jaiak Ekainak 28, 29.
- Zubillagako jaiak Ekainak 27, 28, 29.
- Trianako jaiak Uztailak 11, 12, 13.
- Madalenako jaiak Uztailak 18, 19, 20.
- Santa Marinako jaiak Uztailak 25, 26, 27.
- San Lorentzoko jaiak Abuztuak 1, 2, 3.
- Lezesarriko jaiak Abuztuak 1, 2, 3.
- Urrexolako jaiak Abuztuak 15, 16.
- Bidebarrietako jaiak Abuztuak 29, 30, 31.
- Atzeko kaleko jaiak Irailak 5, 6, 7.
- Arantzazuko jaiak Irailak 5, 6, 7.
- San Martingo jaiak Irailak 12, 13.
- Zañartuko jaiak Irailak 14.
- Uribarriko jaiak Azaroak 28, 29, 30.
- Berezaoko jaiak Abenduak 12, 13, 14.