Zortzi puntu jasotzen dituen Energia Plana aurkeztu zuen aurreko legealdian Udalak, eta orain iragarri dute bi esku-hartze egingo dituztela.
Auto elektrikoendako kargalekuak
Mugikortasun iraunkorrari dagokionez, Zubikoako eta Kalegoienako aparkaleku estalietan auto elektrikoendako kargalekuak jartzeko esleipena argitaratu dute.
60.000 eurokoa da inbertsio aurreikuspena, eta azaldu dute, horri esker, aukera egongo dela aldi berean zortzi auto kargatzeko –lau auto, Zubikoan; eta, beste lau, Kalegoienan–. Txartel bidez ordaintzeko sistema izango dute, eta, beraz, ordainketa egiteko, ez da izango derrigorrezkoa aplikazio berezirik izatea.
Hiru hilabeteko epean egitea aurreikusi da eta apirilaren 28an amaituko da proposamenak aurkezteko epea.
Azkoagaingo argiteria, LED teknologiara
Efizientzia energetikoari dagokionez, eraikin publikoetan energia kontsumoa murrizteko ekintza planaren baitan, Zubikoako kantxa urdina eta pilotalekuaren argiztapenak berritu eta LED teknologiara pasa ondoren, orain inbertsio berriak egingo dituzte Azkoagain futbol zelaian. Izan ere, bertako argiteria-fokuak LED teknologiara pasako dituzte. Martxan da horri lotutako esleipen prozesua ere. Kasu horretan, 85.000 eurokoa da inbertsio aurreikuspena, hamar astetan egitea aurreikusi dute eta interesdunek maiatzaren 5a arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak.
Beste hainbat ekintza
Energia planari lotuta, badira beste hainbat ekintza ere: dagoeneko martxan dauden autokontsumorako plaka fotovoltaikoak jarri dituzte kiroldegiko teilatuan; eta datozen astetan hasiko dira kale argiteriaren energia eraginkortasuna hobetzeko 688 argiteria publiko LED teknologiara pasatzeko lanekin –390.000 eurokoa da aurrekontua–.
Udal Gobernutik azaldu dute garrantzitsua dela energia efizientzian, kontsumoan, sorkuntzan, burujabetzan, berriztagarrietan, bidezko ereduetan... sakontzea, eta Energia Planarekin hori dela hartu duten bidea eta urratsak egiten jarraitzeko konpromisoz dihardutela.