Duela sei urte hasi zen Oñatiko Txantxiku Ikastolaren eta Beskoitzeko ikastolaren arteko harremana, bigarrenak zituen zailtasunei aurre egiteko Oñatikoak erakutsitako elkartasunaren harira. Gaur, baina, harreman hori herri mailan berretsi dute, Oñatiko udaleko ordezkariek harrera egin dietelako Beskoitzetik etorritako ordezkaritza zabalari. Hala, Oñatin izan dira, besteak beste, Beskoitzeko auzapez Pascal Jocou, Herriko Etxeko beste zenbait ordezkari, Oinak Arin dantza taldeko eta Leizarraga elkarteko kide ugari eta ikastolako hainbat guraso eta ikasle.
Oñatiko Udalaren izenean, Izaro Elorza alkatea eta Kultura batzordeburu Iñaki Olalde izan dira eguerdi partean beskoiztarrei harrera egin dietenak. Udaletxean izan den ekitaldian bi herrietako ordezkari nagusiek egin dute berba eta biek ere aurrerantzean Oñatiren eta Beskoitzen arteko harremanak sendotzeko asmoa adierazi dute, aberasgarria izango dela iritzita. Txantxiku Ikastolako lehendakari Bernat Alberdi eta Beskoitzeko Ikastolako lehendakarikide Cyril Fesquin ere zuzendu zaizkie bertaratutakoei.
Behin opari banaketarekin ekitaldia amaitutakoan, otamena izan dute guztiek Txantxiku Ikastolaren eraikin aurrean.
Harremanean sakontzeko nahia
"Aurrerapauso bat eman dugu gaur. Orain arte bi ikastolen arteko harremana izan da, baina bai guk eta baita beskoiztarrek harreman hori harago eroateko nahia geneukan. Harreman horiek eraikitzen hasteko eguna da gaurkoak", azaldu du Elorzak eta gaineratu: "Oinarria gure hizkuntza eta gure kultura babestea eta sustatzea . Egia da bi herrien arteko egoera oso ezberdina dela eta akaso guri egokituko zaigula oraingoz akuilu lanak egitea, baina gustura egingo dugu".
Iazko ekaineko hauteskundeez geroztik Beskoitzeko auzapeza den Pascal Jocou oso eskertuta agertu da gaur jasotako harrerarekin, eta bere herriko ikastolaren egoeraz ere egin du berba: "Egia da da euskara mailan eta bereziki ikastola mailan arazoak egon direla Beskoitzen, baina talde berria izanik hori aldatzeko asmoa dugu, eta beraz euskara indartzekoa. Era berean, Oñatin dagoeneko sortuak diren harremanak gehiago sakondu nahiko genituzke eta noski, hurrengoan oñatiarrak Beskoitzera gonbidatu".
Beskoitzeko Ikastolaren egoera
Beskoitzeko Ikastolako lehendakarikide Cyril Fesquinek, bere aldetik, azaldu du bi herrien arteko harremanak sendotu izana iaz egon zen agintari aldaketari esker izan dela: "Beskoitzeko Herriko Etxeko kide berriekin harreman ederrak ditugu eta usu mintzatzen gara. Ikastolen artean dugun proiektua zabaldu nahi genuen eta Herriko Etxekoei aipatu genien; proiektua haien asmoetan sartu dute eta horri esker bildu gara gaur Oñatin". Txantxiku Ikastolako lehendakari Bernat Alberdik, orain arte egindako bidea ekarri du gogora. "Hasieratik ikusi genuen elkarrekin egiten ari ginen bidea bi ikastolendako zela aberasgarria, eta horrekin jarraitu nahi dugu".