Blues eta soul doinuekin gozatzeko, jaialdi berria

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko api. 15a, 10:01

Orain dela urtebete sortutako Oñatiko Blues Elkartearen eskutik, lau kontzertu izango dituen oñatiko blues jaialdia egingo dute apirilaren 25ean eta 26an, gaztetxean eta gaztelekuan; zapaturako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Oñati.eus atarian.

Blues musika gustuko duten bost lagunek osatzen dute Oñatiko Blues jaialdia antolatu duen Oñatiko Blues Elkartea. "Gurekin Oñatin askotan egoten den Madrilgo lagun batek bultzatuta abiatu genuen elkartea, eta dagoeneko 106 bazkide batzea lortu dugu. Amets bat balitz moduan hasi ginen jaialdia antolatzeko asmoarekin, eta oso pozik gaude orain, hilabete gutxian egitarau interesgarria lotzea lortu dugulako. Herriko Aker tabernan hainbat blues-jai egin ditugu aurrez, eta harrera ona izan dute; beraz, gogotsu eta ilusioz gaude jaialdirako. Euskal Herrian askotariko blues jaialdiak egiten dira azkeneko urteetan, eta musika estilo horrek gurean duen jarraitzaile askoren erakusle da hori", azaldu du Oñatiko Blues Elkarteko kide Aitor Perosterenak.

Jaialdian izango diren musikariak

TOBACO ROAD

Gasteizko Tobaco Road taldea. Argazkia: T.R.

90eko hamarkadan Gasteizen sortutako laukoteak zabalduko du apirilaren 25ean Antixena gaztetxean Oñatiko Blues jaialdiko egitaraua, 21:30ean hasita. 30eko hamarkadako jug bands estiloan jarduten dute, Mississippiko nekazaritza-bluesetik Chicagoko blues elektrikorako musika ibilbidea erakutsita. Agertokietako ohiko musika tresnetatik harago, kontrabaxua, garbitzeko taula, filarmonika eta didley bow gitarra monokordea ere dotoreziaz erabiltzen dituzte.

Hiru kantu-bilduma dituzte Gasteizkoek dagoeneko argitaratuta, eta laugarren diskoa lantzen ari direla adierazi dute.

ARIMA SOUL


Arima Soul taldea iazko arrasate Blues jaialdian. Argazkia: Arrasate Blues.

Mikel Unzurrunzaga Makala-k eta Lidia Insaustik 2020an abiatutako taldea da. Egun, boskote formatuan jarduten dute, Arrasateko Jokin Vitoria, Tincho Asarian eta Antxon Sarasua batuta. Soul, funk, rhythm&blues eta jazz-groove doinuak dituzte errepertorioan oinarri, euskaraz abestutako konposizio propioak nabarmenduta, baina artista handien bertsioei ere tokia eginda. Gaua izena duen estudioko bigarren diskoa argitaratuko dute datozen asteetan.

Gaztetxean izango dira, apirilaren 25ean, 21:30ean hasita. Sarrerak leihatilan izango dira, lau eta zortzi eurotan.

INDIGO BLUES

Kataluniako Indigo Blues taldea. Argazkia: Indigo Blues.

Kataluniako emakumezko blues taldeak seikote formatuan zabalduko du zapatuan Oñatiko gaztelekuko kontzertua, 21:30ean hasita; 21:00etan zabalduko dituzte ateak. Oñati.eus atarian daude sarrerak eskuragarri, hamar eurotan.

Bartzelonako blues jardunaldi batzuetan egin zuten, 2022an, elkarrekin lehen emanaldia, eta euren artean sortu zen giro onak bultzatuta noizean behin elkartzen jarraitzen dute. Askotariko musika proiektuetan jarduten dute Indigo Blues taldeko kideek. Ez dute diskorik argitaratu oraindik, baina askotariko bideoak dituzte sarean ikusgai.

MINGO-SANPA BLUES BLAST

Pablo Sanpa gitara-jolea eta Mingo balaguer harmonika-jolea. Argazkia: Arrasate Blues.

30 urte baino gehiagoko ibilbidea du Mingo Balaguer abeslari eta harmonika-joleak. Sevillako Caledonia Blues Band taldean jardun ondoren, bakarlari ibilbideari ekin zion 90eko hamarkadan. Hamazortzi disko grabatu ditu hainbat talderekin.

Espainiako gitarra-jole onenen artean kokatu dute jaialdiko antolatzaileek Balaguerrek alboan izango duen Carabanchelgo Pablo Sanpa. Hamar urte daroate elkarrekin jotzen bi musikariek, eta disko "eder" bat dute argitaratuta. 50eko hamarkadako askotariko blues doinuen erakusleiho bilakatuko dute apirilaren 26an Oñatiko gaztelekua.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak