Felipe Uriarte (Pasai Donibane, 1944) 1974ko Tximist Everesterako lehen euskal espedizioko kide izan zen. Egun, euskara-xerpera hiztegia osatzen ari da eta bideo emanaldi bidez aurkeztu zuen eguaztenean kultura etxean, Aloña Mendiko mendi sailak gonbidatuta.
Nondik dator euskara-xerpera hiztegia egiteko asmoa?
Aspalditik. Lehenengo aldia komunitate horren geografiara iritsi nintzela bada mende erdia baino gehiago, eta han ikusi nuen herri berezi bat, Xerpa herria; kultura, erlijioa eta hizkuntza berezi batekin, eta 1974an piztu zen gogoa. Gero, bizitza osoa pasa zait konturatu gabe mendiak igotzen eta jaisten, eta orduan iritsi da momentu bat esan nuena badela ordua lanari heltzeko. Eta horrela, 2018an, Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere espedizioaren barruan eman genuen lehengo pausua hiztegian lanean hasteko, eta 2023an nik neuk heldu nion indarrez eta pasa nituen hiru hilabete Xerpa herrian, materiala biltzen eta jasotzen. Iaz ere berriro itzuli eta jarraitu nuen lana egiten.
Orain zein fasetan daukazu hiztegia?
Uste dut hiztegi honen lanak sekula ez direla bukatuko niretzako behintzat, baina lehenengo golpea esango nuke bukatuta dagoela; materiala bilduta, antolatuta eta une honetan argitaletxe baten eskutan dago ea aurrera egiten duen eta kaleratzeko lanean jartzen diren. Balitz kontrako erantzuna, hau da, ez badu aurrera egiten, jo beharko nuke autoedizio baten bidetik. Hala ere, eta egitasmoa bultzatzeko asmoz, onartu nuen Aloña Mendi elkarteak bultzatu zidan gonbidapena, herrian egitasmoa aurkezteko.
Zein ezaugarri ditu hiztegiak?
Hiztegi arrunta baino, artefaktu bat da. Hiztegia eta hitz soilak agertzeaz gain, hainbat esamolde eta esaera ere jaso ditut adibideekin eta baita ere hango ohiturak, hizkuntzaren egoerari buruzko artikuluak, hango usadioei buruzko hainbat ohar...
Motxilan eramateko modukoa da.
Bai, mendizale euskalduna hara hurbiltzen denean izan dezala aukera euskaratik xerpera igarotzeko, beste hizkuntza batetik igaro gabe.
Hori da lanaren helburua?
Alde batetik, bai. Eta baita ere, bi hizkuntza gutxitu horiek harremanetan ipintzea. Gainera, xerpa hitzak ez du zamaketari edo garraiatzailea esan nahi, xerpa hitza bere kultura, tradizioa, erlijioa eta hizkuntza propioa duen komunitate baten adierazlea da. Eta hizkuntza hori, xerpera edo serwi hizkuntza da; hori adieraztea da helburu garrantzitsuena.
Nolako komunitatea da xerpena?
Himalaiako hegoaldean bizi dira. Duela 700 urte Tibetetik etorritako migrazioak izan ziren, aurkitu zituzten 2.800 metrotatik 4.300 metrotaraino eremu hutsak bizimodu eder bat eraikitzeko. Oso sakabanatuta bizi den komunitatea da; herriak han eta hemen daude, geografia eder, baina gogor batean barraiaturik, eta orain dela 50 urtera arte isolaturik bizi izan dira. Baina azkeneko urtetan mendiko turismoa izugarri garatu da; horrek ekarri izan du kolonizazio latz eta indartsu bat, eta, gaur egun, da gizarte bat era bat aldatzen eta garatzen ari dena, norabide onean, eta, okerrean.
Zein zentzutan?
Turismoak dirua ekarri du, horrek etxeak hobetzea ekarri du, baita xerpen seme-alabak Katmandura ikasketak egitera joateko aukera eta osasuna hobetzea ere. Alde txarretik, xerpera hizkuntzaren gainbehera latza eta bere lurraldean hegemoniko zen hizkuntza bate izatetik, bere lurraldean hizkuntza gutxitua izatera pasa dela ziztu bizian. Ohituretan eta izakeretan ere eragina izan du.